Gizartea -
Bigarren jardunaldia
Lekukoen txanda, Amaia Azkueren hilketa argitzeko epaiketan
Astearteko saioetan hildakoaren senarrak eta bere gertuko jendeak deklaratuko dute, krimena gertatu zen egunean Azkuerekin kafea edaten egon zen lagunak besteak beste.
Erredakzioa
Azpeitian (Gipuzkoa) martxoaren 16an Amaia Azkue hil izana leporatzen zaion 18 urteko gaztea Donostiako Adingabeen Epaitegira itzuli da astearte honetan, astelehen honetan Amaia Azkueren krimena argitzeko epaiketaren lehenengo saioan bere errugabetasuna defendatu ostean.
Bigarren egunean hildakoaren senarrak eta bere gertuko jendeak deklaratu dute, krimena gertatu zen egunean Azkuerekin kafea edaten egon zen lagunak, besteak beste. Amaia Azkueren hilotza urtegian aurkitu zuten bi emakumeak ere epaitegian izan dira.
Dagoeneko 25 lekukok hitz egin dute, baina, guztira, 69 lagun deituko ditu epaileak. Horrez gain sei aditu-froga aurkeztuko dira, nagusiena, autopsia. Ez da bakarrik gorpuari eginiko azterketa ezagutuko, baita inguruan aurkitutako ebidentzienak ere. Beste bost aditu-frogak teknikoak dira, Ertzaintzak eginiko lanaren ingurukoak.
Epaiketaren amaiera astelehenerako dago aurreikusita, baina litekeena da atzeratzea. Astelehenan emandako deklarazioarekin Gipuzkoako Fiskaltzaren aurrean emandako bigarren deklarazioa berretsi zuen akusatuak, Amaia Azkue berak ez zuela hil alegia, sei hilabete lehenago Fiskaltzan egindako aitortzaren kontrakoa.
Epaiketaren lehen eguna
Atzo goizeko 09:30ean hasi zen Amaia Azkueren hilketa argitzeko epaiketa Donostiako Adingabeen Epaitegian. Iazko martxoaren 16an aurkitu zuten Azkueren hilotza Azpeitiko (Gipuzkoa) Nuarbe auzogunean, Ibai-Eder urtegian. Saioak, goiz ta arratsaldez luzatuko dira gutxienez aste osoan eta litekeena da datorren astean jarraipena izatea.
Azkueren krimenaren epaiketa ateak itxita egiten ari dira, hau da, hedabideen eta ikusleen presentziarik gabe. Epaileak biktimaren senide batzuei soilik eman die auzia jarraitzeko aretora sartzeko baimena.
Epaiketa Donostiako Adingabeen Epaitegian egiten ari dira, izan ere, akusatua adingabea zen krimena jazo zenean, 17 urte zituen. Ustezko hiltzailea joan den urteko abuztuan (18 urte bete behar zituen egunaren bezperan) Donostiako Adingabeen Fiskaltzara joan zen eta Azkue berak hil zuela aitortu zuen. Deklarazio horren ostean, Zumarragako Adingabeen Zentroan sartu zuten.
Sei hilabete geroago, ordea, berriro deklaratu zuen eta Azkue, berak ez, beste pertsona batek hil zuen adierazi zuen.
"Atsekabe handiz"
Amaia Azkueren senideak "atsekabe handiz" joan dira epaiketara. Miguel Castells epaiketa honetan familia ordezkatzen duen abokatuak hori adierazi zien atzo kazetariei.
Goizean akusatuak deklaratu zuen, eta saioa amaitzear zenean, Castells komunikabideekin izan zen, Donostiako Justizia Epaitegitik kanpo. Aste honetan Amaia Azkue hil zela urtebete egingo duela azaldu zuen, eta hildakoaren senideen "samina" eta "intimitatea" errespetatzeko eskatu zien kazetariei.
Abokatuak akusatuaren deklarazioaren xehetasunak ez zituen eman nahi izan, bista ateak itxita izaren ari baita, auzipetua krimena gertatu zenean adingabea zelako. Auzitegi publikoan eman izan zitekeela ere esan zuen, berak ere eskatu zuen hori kazetariek informatu ahal izateko "gizarteak gaiagatik interesa erakutsi duelako".
Azaldu zuenez, gizartean "egonezina" dago gertatutakoagatik, interes orokorreko gai bat delako, baina halere epailearen ustez beharrezkoa da bere garaian "adingabea zenaren egoera babestea".
Dena dela, atzo goizean izandako bista "normaltasun osoz" eman zela gaineratu zuen eta "aipatu beharreko istilurik gabe".
Joanes Labayen defentsako abokatuak errefusatu egin zuen bere bezeroaren deklarazioari buruzko adierazpenak egitea.
Ertzainen deklarazioa
Atzo arratsaldean krimena ikertu duten bi ertzainek eman zuten deklarazioa.
Balizko zigorra
Fiskaltzak eta Amaia Azkueren familiaren akusazioak hamar urteko kartzela zigorra eskatzen dute eta beste bost urte zaintzapeko askatasunean.
Miguel Castells, akusazio partikularraren abokatuak, familiaren "sufrimendua errespetatzeko" eskatu die kazetariei Justizia Jauregiaren atarian, saioa hasi baino minutu batzuk lehenago. Hilketaren urteurrena betetzear dela eta, Azkueren senideak "oso une zailak bizitzen" ari direla esan du abokatuak.
Halaber, Amaia Azkueren hainbat lagunek elkarretaratzea egin dute epaitegiaren atarian justizia eskatzeko.
Hilketaren urteurrena
Iazko martxoaren 16an Azkueren hilotza Azpeitiko (Gipuzkoa) Muarbe auzogunean dagoen urtegian topatu zuten Azkueren gorpua.