Gizartea -
Migrazioaren drama
Gutxienez 27 pertsona hil dira Mantxako kanalean, ontzi bat hondoratuta
Bi pertsona erreskatatu ahal izan dituzte Calaiseko kostaldean. Migratzaileak Erresuma Batura heldu nahi zuten. Ustezko lau trafikatzaile atxilotu dituzte. Johnsonek eta Macronek migratzaileen ahaleginak geldiarazteko eta talde kriminalak harrapatzeko ahaleginak bateratzea adostu dute.
Agentziak | EiTB Media
27 pertsona migratzaile hil dira Mantxako kanalean, ontzi bat hondoratuta, Frantziako Gobernuak jakitera eman duen azken zenbaketaren arabera. Hildakoek Erresuma Batura heltzea zuten helburu.
Aurrez, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Gerald Darmanin Barne ministroak 31 pertsona hil direla eta beste bi pertsona erreskatatu dituztela adierazi dute.
Hildakoen artean bost emakume eta neskato bat daude. Gainera, segurtasun indarrek bi pertsona erreskatatu ahal izan dituzte Calaiseko kostaldean eta ospitalera eraman dituzte hipotermia zantzuekin. Ustezko lau trafikatzaile atxilotu dituzte.
Tragediaren berri izan ondotik, telefonoz hitz egin dute Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak. Migratzaileen ahaleginak geldiarazteko eta horretara bultzatzen dituzten talde kriminalak harrapatzeko ahaleginak bateratzea adostu dute bi agintariek.
Elkarrizketa hori izan aurretik, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Europako homologoei Frontex agentziaren baliabideak berehala areagotzea eskatu die Europar Batasunaren kanpoko mugetan. Era berean, "premiazko bilera" eskatu du migrazioaren erronkari aurre egiteko.
"Frantziak Mantxako kanala hilerria bihurtzen ez du utziko. Trafikatzaile sareek bizitzak arriskuan jartzen dituzte. Biktimei, umezurtzei eta familiei zor diegu. Gure buruari zor diogu", adierazi du ohar batean.
"Sare kriminal" horiek desegiteko lana bizkortzea aldarrikatu du Macronek, Erresuma Batua, Belgika, Herbehereak eta Alemaniarekin elkarlanean: "gaurtik gure esfortzuak areagotzen ez baditugu, tragedia gehiago gertatuko dira", erantsi du.
Presidenteak oharrean azaldu duenez, urte hasi zenetik, 600 poliziaren eta jendarmeren lanari esker, 44 sare desegin eta 1.552 pertsona atxilotu dituzte.
Hala ere, Erresuma Batura iristeko 47.000 saiakera izan dira. Segurtasun indarrek 7.800 pertsona migratzaile erreskatatu dituzte. Gaur gertatutakoarekin Europa "atsekabetuta" dagoela gaineratu du Macronek.
Frantziak gehiago egin dezakeela esan du Boris Johnsonek
Bestalde, migratzaileak Mantxako kanaletik Erresuma Batura joatea saihesteko neurri gehiago har ditzala eskatu dio Boris Johnsonek Frantziako Gobernuari.
"Migratzaileak itsasora bidalita negozioa egiten duten mafiekin amaitzeko" deia egin du lehen ministro britainiarrak.
Halaber, iradoki du Macronen Gobernuak ez duela nahikoa egiten Frantziako kostaldetik txalupen irteera ekiditeko. "Arazo honi aurre egiteko modua zein konbentzitzen saiatu gara herrialdeak
Zailtasunak izan ditugu hainbat herrialde, batez ere Frantzia, arazo honi aurre egin behar zaiola konbentzitzeko", kritikatu du.
Migratzaileen auziari lotuta, Frantziako eta Erresuma Batuko gobernuen arteko ika-mikak ohikoak dira.