Gizartea -

Koronabirusa

Covid ziurtagiria ezartzeari baimena eman dio Nafarroako Auzitegi Nagusiak

Hartara, larunbatetik aurrera, beharrezkoa izango da 60 mahaikide baino gehiagoko jatetxeetan eta gaueko aisialdian sartzeko. Epaileen ustez, neurria "egokia, beharrezkoa eta proportzionatua" da.

Pertsona bat covid ziurtagiria erakusten. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.
Pertsona bat covid ziurtagiria erakusten.
Pertsona bat covid ziurtagiria erakusten. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak egindako eskeari baiezkoa eman dio justiziak. Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko auzien Salak baimendu egin du covid ziurtagiria ezartzea. Hortaz, azaroaren 27tik, larunbatarekin, urtarrilaren 7ra arte Nafarroako erkidego osoan eskatu beharko da honakoetara sartzeko: 60 mahaikide baino gehiagoko jatetxeetara, dantzalekuetara, eta jan-edana eskaintzen duten eta barrualdean egiten diren kultura arloko ekitaldi jendetsuetara (1.000 lagun baino gehiago).

Epaileen ustez, Nafarroako Gobernuak proposatutako neurria "egokia, beharrezkoa eta proportzionatua" da.

13:30 pasatxo zirenean eman du auzitegiak ebazpenaren berri. Autoan jasotzen denez, Auzitegi Gorenak ezarritako jurisprudentzia eta Chiviteren gobernuko zerbitzu juridikoek aurkeztutako txostenak izan dituzte kontuan.

Auzitegiaren iritzian, covid ziurtagiria "transmisioa saihesteko neurrien artean beste bat da (eta beste murrizketa batzuk baino eragin gutxiago du oinarrizko eskubideetan)". 

Epaileek argudiatu dutenez, helburua da, beste neurri batzuei eutsita (besteak beste, maskara jantzita izatea eta barrualdekoak aireztatzea), kutsatzeko probabilitate handiagoa duten lekuetan (jende kopuru handia pilatzen den eta jan-edana baimenduta dagoen barrualdeko espazioetan) hura murriztea, eta zeharka, txertaketa sustatzea. Azken hori % 100ekoa izatea xede dute.

"Adostutako neurriek arinki mugatzen dituzte oinarrizko eskubideak, eta euren izaera teleologikoari men eginez, proportzionalak direla ondoriozta dezakegu", azpimarratu dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Nafarroa Gaixotasunak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Jatetxeak Tabernak Euskadin gaur Txertoak albisteak Koronabirus-agerraldiak Osasunbidea gaur Osasun larrialdia Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusia Covid ziurtagiriaren berriak