Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Bikotekideari eraso diotelakoan atxilotu dituzte Bilbon eta Barakaldon
Ertzaintzaren agenteek 22 eta 25 urteko bi gizon atxilotu dituzte euren bikotekideei eraso egitea leporatuta.
Erredakzioa
Ertzaintzak 22 eta 25 urteko bi gizon atxilotu ditu Barakaldon eta Bilbon emakumeen kontrako indarkeria delitua leporatuta. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, atxiloketak igandean izan ziren.
Barakaldon 22 urteko mutil batek ustez bikotekideari eraso zion goizaldeko 06:00etan eta ertzaintzaren agenteek atxilotu egin zuten.
Antza, bikoteak liskarra izan zuen etxean, eta ondoren, kalean topo egin eta eztabaidarekin jarraitu zuten.
Gizonezkoak ustez lepotik heldu zion bikotekideari eta lurrera bota zuen. Emakumeak ihes egitea lortu zuen eta Ertzaintzari deitu zion gertakarien berri emateko.
Bilbon ere beste gizonezko bat atxilotu zuten Ertzaintzaren agenteek. Antza denez, atxilotutako mutilak eta bere neska lagunak eztabaida izan zuten etxean.
25 urteko gazteak ustez bikotekidea jo zuen eta emakumea Basurtuko Ospitalean artatu behar izan zuten.
Erasoaren berri jakin bezain pronto bertaratu zen Ertzaintzaren patruila bat eta ustezko erasotzailea atxilotu zuten emakumeen kontrako delitua egin izana leporatuta.