Gizartea -

Koronabirusa

60 urtez gorakoek hirugarren dosia jasotzeko 40.000 hitzordu inguru eman ditu Osakidetzak

70 urtetik gorakoak eta beste talde zaurgarri batzuk dagoeneko ari dira jasotzen hirugarren ziztada hori. Dena dela, oroitzapen dosia azken txertoa hartu zenetik sei hilera emango dute Pfizer edo Moderna hartu zutenen kasuan, eta hiru hilera, AstraZenecarenean.

Erizain bat covid-19aren kontrako txeto bat prestatzen. Argazkia: Irekia
Erizain bat covid-19aren kontrako txeto bat prestatzen.
Erizain bat covid-19aren kontrako txeto bat prestatzen. Argazkia: Irekia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

60 urtez gorako pertsonek covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia hartzeko 40.000 hitzordu inguru eman ditu Osakidetzak astelehen honetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez.

Osakidetza gaur, azaroak 29, hasi da bere osasun langileei errefortzuzko txertoa jartzen eta 60 urtetik gorakoei hitzordua ematen.

Txertoen Ponentziak duela astebete jakinarazi zuen covid-19aren kontrako hirugarren dosia jaso behar dutenen taldea zabaltzeko erabakia: osasun langileei eta 60 urtetik gorakoei jarriko zaie.

Lehenengoen harira, EITB Mediak jakin duenez, errefortzuko txertaketa kanpaina astelehen honetan abiatu eta abenduaren 19an bukatu da. Osakidetzako osasun profesionalei Modernaren dosi erdia emango zaie. Bestalde, Osasun Saila lanean ari da arlo pribatuko lehen lerroan ari diren profesionalak zein langile soziosanitarioak txertatzeko modua zehazteko.

60 urtetik gorakoek hitzordua hartu ahalko dute

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarreko kontrolerako saioan argudiatu zuenez, "txertoa da birusari aurre egiteko dugun tresna onena", eta, hori dela eta, talde horri dei egin zion "lehenbailehen" hitzordua hartu dezan.

Orain arte, adineko egoitzetako egoiliarrei, immunoeskasia duten gaixoei eta 70 urte baino gehiago dituzten pertsonei eman diete errefortzurako txertoa.

Osakidetzak gogorarazi duenez, oroitzapen dosi hori azken dosia hartu zenetik sei hilabetera emango dute, Pfizer edo Moderna hartu zutenen kasuan, eta hiru hilabetera, AstraZenecaren kasuan.

Zita Osakidetzaren webgunearen bidez edo osasun zentrora deituta hartu daiteke. Txertoa horretarako bereziki prestatutako guneetan edo anbulatorioetan jarriko dute, baina hitzordua hartzen denean zehaztuko dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Anbulatorioak Adinekoak gaur