Gizartea -

Indarkeria matxista

Bi adingaberi, horien artean alabari, sexu abusuak egiteaz akusatu dute gizon bat Gipuzkoan

Bederatzi urteko neskatoa izan da sexu-abusuen salaketa jarri duena bere bizilagunaren aurka. Ukituak egin omen zizkion, eta ezpainetan musu ematera behartu zuen. Gizonak ukatu egin du akusazioa, eta alabaren amak ez du salaketarik jarri.

Indarkeria matxistaren biktimen omenaldia. Argazkia: Flickr/Aiaraldea (CC)
Indarkeria matxistaren biktimen omenaldia. Argazkia: Flickr/Aiaraldea (CC)
Indarkeria matxistaren biktimen omenaldia. Argazkia: Flickr/Aiaraldea (CC)

EFE | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bederatzi urteko neskato batek salatu du bizilagun batek sexu abusuak egin dizkiola, Gipuzkoan. Haurra ustezko erasotzailearen etxera joaten zen eskolako lanekin laguntza jasotzera, eta orduan egin omen zizkion gehiegikeriak. Epaileak urruntzeko agindua ezarri du akusatuaren aurka.

Ustezko erasotzailearen aurkako neurriak ezartzen dituen autoaren arabera, sexu-abusuak azaroaren 7an izan ziren, biktima akusatuaren etxera joan zenean. Etxeko lanekin laguntzen zion pertsonaren zain zegoela, gizonak ukituak egin zizkien 9 urteko haurrari eta 3 urteko alabari.

Astebete geroago, azaroaren 14an, biktima berriro joan zen ustezko erasotzailearen etxera, eta horrek berriz ere abusuak egin zizkion.

Salaketa "koherentea eta irmoa"

Amak jarritako salaketaren ondoren, gertatutakoa ikertzen ari den epaitegiak erabaki zuen biktimak "babestea merezi" duela, "arriskua objektiboa" delako, nahiz eta akusatuak salaketa ukatzen duen. Izan ere, adingabeak egindako hiru kontaketetan ez da "kontraesanik" atzeman.

Era berean, "xehetasun asko" eman omen zituen, eta guztiak "koherenteak eta irmoak".

Bestalde, azaroaren 16ko data duen autoaren arabera, ez da "zentzuzkoa" ikertuak argudiatu duena, hau da, biktimaren amaren "mendeku" nahia dagoenik salaketaren atzean. Gizonak ez omen zuen nahi haurra bere etxera joatea amari buruz "gauza txarrak komentatzen" direlako herrian.

Espetxeratzerik ez

Biktima babesteko agindua ezarri eta egun batzuetara, Diana Mendez biktimaren abokatuak behin behineko espetxeratzea eskatu zuen akusatuaren aurka, baina ukatu egin zioten, ihes egiteko arriskurik ez dagoelako eta haurra nahikoa "babestuta" dagoelako.

Gainera, auzia daraman magistratuak zehaztu du gizonaren alabaren amak ez duela salaketarik jarri sexu-abusuengatik.

Bederatzi urteko haurraren abokatuak Gipuzkoako Auzitegira joko du helegitea jartzera akusatua espetxera dezaten.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Umeak