Gizartea -

KORONABIRUSA

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak haurrak txertatzeko eta osasun aholkuez fidatzeko eskatu du

Txertoen segurtasunean "erabateko konfiantza" duela azpimarratu du COMGIk. Gogorarazi dutenez, "aurtengo uztailera arte, 2.497 haur ospitaleratu dituzte Estatuko ospitaleetan covidagatik, horietatik 192 ZIUtik igaro dira eta 19 hil egin dira".

Erizaina haur bati covid-19aren kontrako txertoa jartzen. Argazkia: EFE
Erizaina haur bati covid-19aren kontrako txertoa jartzen. Argazkia: EFE
Erizaina haur bati covid-19aren kontrako txertoa jartzen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK| EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

12 urtez azpiko haurren txertaketa gertu egon daitekeela eta, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak (COMGI) "konfiantza eta lasaitasun" mezua helarazi nahi izan die gurasoei, komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez. Hala, haurrei txertoa jartzeko deia egin du medikuen elkarteak eta osasun gomendioetan konfiantza izatea eskatu du.

Txertoen segurtasunean "erabateko konfiantza" duela azpimarratu du COMGIk, baita horien atzean dauden "entsegu eta ikerketa zientifikoetan" ere. "Orain arte txertatutakoekin frogatu denez, txertoek heriotza asko saihesten dituzte eta kutsatzeak ere gutxitu egiten dituzte hein handi batean".

Hala, une honetan Estatu osoan intzidentzia maila altuena txertatu gabeko haur horiek dutela gogorarazi dute eta egoera hori iraultzeko haurrak txertatzea ezinbestekoa dela nabarmandu dute: "Oso garrantzitsua da zientzialarien gomendioak jarraitzea eta osasun agintarien irizpideei kasu egitea ahalik eta haur gehienak txertatzeko" adierazi dute oharrean. Izan ere, "kasu larriak gutxitu, birusaren transmisioa gutxitu eta etorkizunean egoera larriagotu dezaketen mutazioak sortzea ekidin daiteke" azaldu dute.

Azkenik, haurrek gaitza helduek baino arinago igarotzen badute ere, ohartarazi dute "aurtengo uztailera arte, 2.497 haur ospitaleratu" dituztela Estatuko ospitaleetan covidagatik, "horietatik 192 ZIUtik igaro dira eta 19 hil egin dira".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Herriak eta Hiriak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Txertoak Koronabirusa