Gizartea -

KORONABIRUS

Mozambiken harrapatuta dauden pertsonei, tartean bi euskaldunei, itzulera bermatuko die Atzerri Ministerioak

Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako ministroak adierazi duenez, Espainiako Estatuko "200dik gora pertsona" daude Omicron aldaerak gehien kaltetu dituen Afrikako hegoaldeko herrialdeetan.

Alemaniako aeroportua. Irudia: EFE
Alemaniako aeroportua
Alemaniako aeroportua. Irudia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hegoafrikan jatorria duen aldaera berriaren aurrean Europar Batasuneko herrialdeek Afrika hegoaldetik datozen hegaldiak bertan behera uztea erabaki ondotik, pertsona asko  harrapatuta geratu dira, tartean bi euskal herritar.

Asier Zabaleta dantzari eta koreografo ezkiotarra eta Marian Gerrikagoitia errealizadore bilbotarra dira. Duela egun gutxi iritsi ziren Maputora, Mozambikeko hiriburura. Astelehen honetan ziren itzultzekoak, baina ez dago Europarako hegaldirik herrialde horretan.

Gauzak horrela, Kanpo Arazoetako Ministerioak astelehen honetan jakinarazi duenez, hegazkin berezi bat jarriko dute Mozambikera, itxieraren ondorioz ez aurrera ez atzera geratu diren Espainiako Estatuko turistak eta enpresariak bueltan ekartzeko.

Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako ministroaren esanetan, "200 pertsona baino gehiago" daude Omicron aldaerak gehien kaltetu dituen Afrikako hegoaldeko herrialdeetan, eta oraindik Europara zerbitzua eskaintzen ari diren konpainien hegaldietan birkokatuko dituzte.

Ministroak adierazi duenez, Afrika hegoaldetik oraindik funtzionatzen duten hegaldi komertzialetan ari dira bidaiariak sartzen. Hain zuzen ere, bi hegazkin konpainiak ez dute hegaldirik bertan behera utzi, eta beste bik berriro ekingo diete. "Inguruko beste herrialde batzuetatik ere hegaldi komertzialak martxan daude", gaineratu du.

Bestalde, Atzerri Ministerioak Mozambikera bidaliko duen hegazkin bat kontratatu duela aurreratu du, bertan dauden Espainiako Estatuko pertsonak ekartzeko, herrialde horrek ez baitu Europarako hegaldirik. "Astean zehar egingo dugu, asteazkenean edo ostegunean, ziurrenik", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa