Gizartea -
Hiesaren Nazioarteko Eguna
GIBaren aurrean adi jarraitzeko deia egin du Osasun Sailak, atzerakada badelako, baina "puntuala"
Iaz 18 hies kasu berri hauteman ziren EAEn, 1985etik izandako kopururik baxuena, nahiz eta beherakada covid-19ak eragindako konfinamendu garaian sexu-harreman arriskutsuen kopurua murrizteari lotuta egon. 2020an 6.106 paziente artatu ziren antirretrobiralekin.
O.P. | Eitb Media
Gaur egun 6.106 gaixori ematen die Osakidetzak erretrobirusen aurkako tratamendua, eta iaz 18 hies kasu berri diagnostikatu zituen, 1985etik izandako kopururik txikiena, baina Osasun Sailak uste du GIBaren atzerakada "puntuala" dela eta covid-19aren pandemiarekin lotuta dagoela.
1981eko abenduaren 1ean diagnostikatu zen lehen hies kasua munduan. Gaixotasuna 1984an iritsi zen Euskal Autonomia Erkidegora eta ordutik 6.033 kasu diagnostikatu dituzte EAEn. 90eko hamarkadan beheranzko joera hasi zen, erretrobirusen aurkako tratamenduen (antiretrobiral deituen) orokortzeari esker. EAEn iaz hautemandako kopurua, 18 kasu, 35 urteko kopururik txikiena da.
GIBari dagokionez, EAEn 100.000 biztanleko 4,77 kasu izan ziren 2020an (Estatuko batez bestekoa baino 1,17 puntu gutxiago), hau da, aurreko urtean baino % 28 gutxiago.
Aurreko urteetan sexu-transmisiozko infekzioen goranzko joerarekin hautsi da, baina, beherakada hori covid-19ak eragindako konfinamenduaren ondorioz sexu-harreman arriskutsuen kopurua murrizteari lotuta dago.
Hiesaren Nazioarteko Eguna dela eta, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak GIBaren aurrean adi jarraitzeko deia egin du, "atzeraldi puntuala" izan arren, gaur egun oraindik "konpontzeke dagoen osasun publikoko arazoa delako".
Prebentzioaren, diagnostiko goiztiarraren eta gaur egungo tratamenduen aldeko apustua egin du Sagarduik, hiesa erabat desagerrarazteko bidean aurrera egiten jarraitzeko, eta, aldi berean, 2020rako mundu mailan ezarritako helburuak bete ez izana deitoratu du.
EAEko jarduera-ildoak
GIB bidezko infekzioa, batez ere, sexu-transmisiozko infekzio (STI) bat da; beraz, preserbatiboak erabiliz eta arrisku-praktikak saihestuz prebenitu daiteke.
Kasuen erdietan baino gehiagotan, diagnostikoa berantiarra da eta immunitate-sistema oso kaltetuta dago, Osasun Sailak asteazken honetan, abenduak 1, Hiesaren Nazioarteko Egunaren karietara zabaldutako ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Hori dela eta, EAEn hiesaren eta STIen Euskal Planean jasotako "jarduera-ildo guztiei" eusten zaie. Plan horren helburua ez da soilik kutsatzeak prebenitzea, baita pronostikoa hobetzea ere, eta infektatua egon eta ez dakitenek nahi gabe hura transmititzea saihestea.
Hala, 2020an GIBaren 1.043 test azkar egin ziren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako farmazietan. Gainera, Osakidetzak STIak artatzeko hiru kontsulta espezifiko ditu, lurralde bakoitzean bana, eta gizonekin sexua duten gizonentzako online kontsultak ere eskaintzen ditu. Kontsulta birtual horien kopurua nabarmen hazi zen iaz, eta 200 erabiltzaile baino gehiago izan zituen.
Hezkuntza-arloari dagokionez, 16 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako programa batekin lan egiten da, sexu-harremanei lotutako balizko arriskuak prebenitzeko, GIB eta hiesa, sexu-transmisiozko beste infekzio batzuk eta nahi gabeko haurdunaldiak, besteak beste. Azken ikasturtean 7.800 nerabek hartu zuten parte programa honetan.
Era berean, Euskal Planean jasotzen den lez, GIBaren alorrean lan egiten duten GKEei zuzendutako diru-laguntzak mantendu egin dira Sagardui sailburuak azaldu duenez.