Gizartea -

Maroko

Bere buruaz beste egin du bortxatzailearekin ezkontzera behartzeagatik

16 urteko neskatoak arratoiak hiltzeko pozoia edan zuen familiak eta senarrak ematen zizkioten tratu txarrengatik etsita zegoelako. Gizonak bortxatu zuenez, berekin ezkontzera behartu zuten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

16 urteko neskato marokoar batek bere buruaz beste egin du Larachen (Maroko iparraldean) bere bortxatzailearekin ezkontzera behartu zutelako eta tratu txarrak egiten zizkiotelako.

Al Massae egunkari marokoarrak zabaldu duenez, iragan larunbatean neskatoak arratoiak hiltzeko pozoia edatea erabaki zuen familiak eta senarrak ematen zizkioten tratu txarrengatik etsita zegoelako.

Gizonezko batek neskatoa bortxatu zuen duela urtebete inguru eta familiak sexu-erasoa salatu zuen Tangerreko epaitegian. Epaileak senideekin hitz egin zuen eta azkenean bortxatzailea neskatoarekin ezkontzea erabaki zuten bi aldeetako familiek.

Tradizioak inposatzen ditu gisa horretako ezkontzak, nekazal inguruetan batez ere, gaztearen ohorea zaintzeko eta bortxatzaileak eragindako kaltea “konpontzeko”.

Gainera, Marokoko zigor kodeak agintzen duenez, bortxatzaileak ez du zigorrik jasoko biktimarekin ezkontzen bada.

Marokoko mugimendu feministen aldarrikapen nagusietako bat izan da zigor kodearen artikulu hori aldatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea