Gizartea -
Koronabirusa
Bertan behera gelditu da Urretxu eta Zumarragako 2021eko Santa Lutzi Feria
Bi udalek aurtengo hitzordua bertan behera uztea erabaki dute azokan sor daitezkeen pilaketak saihesteko eta osasuna lehenesteko, covid-19ak bertan izan duen eragin handia ikusirik. "Inoiz baino gehiago" bertako produktuak kontsumitzeko deia egin dute.
O. P. | EITB Media
Covid-19ak azken asteotan Urretxun nahiz Zumarragan izandako hedapena ikusirik, Urretxu eta Zumarragako Udalek erabaki dute aurtengo Santa Lutzi Feria bertan behera uztea.
Osasun sailburuaren 2021eko azaroaren 16ko Aginduari jarraikiz hartu dute erabakia. Izan ere, agindu horrek gomendatzen du udalerri batek 100.000 biztanleko 150 kasutik gorako intzidentzia-tasa duen bitartean, jarduerak aldi baterako atzeratzea edo bertan behera uztea, edozein dela ere jarduera horien esparrua, baldin eta udal-agintariek aurreikusten badute ezingo dela bermatu 2021eko urriaren 6ko Aginduaren eranskinean jasotako prebentzio-neurriak betetzea.
"Feriak sortzen dituen jende pilaketa handiak ekidite aldera eta osasuna lehenetsiz" bi udalek hartutako erabakia izan da, "arduraz eta zuhurtziaz" jokatzeko.
Halaber, herritarrei gogoratu nahi dietenez, "egunerokoan aukera anitz ditugu eskura bertako produktuak kontsumitzeko eta horrela bertako ekoizpenari laguntzeko". Santa Lutzi eguneko azoka "lan horren erakustoki eta motor ederra izaten da", baina bi udalotatik "biziki animatu" dituzte herritarrak "orain inoiz baino gehiago bertako produktuak kontsumitzera".
"Aurrerantzean izango dugu berriro aukera Santa Lutzi feria merezi duen bezala ospatzeko", gaineratu dute.