Gizartea -

KORONABIRUSA

Euskadik 500eko intzidentzia metatuaren langa gainditu du eta 49 pertsona daude ZIUetan

Osasun sailburuak nabarmendu duenez, atzo 60 pertsona ospitaleratu zituzten koronabirusagatik eta 1.200 positibo berri atzeman zituzten.

Erizain bat gaixo bati PCR froga egiten. Artxiboko irudia: EFE
Erizain bat gaixo bati PCR froga egiten
Erizain bat gaixo bati PCR froga egiten. Artxiboko irudia: EFE

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covidaren intzidentzia metatuak gora egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 100.000 biztanleko 500 kasuko langa gainditu du, atzo 1.200 positibo berri atzeman ondotik. Gainera, 49 pertsona daude zainketa intentsiboetan, atzo baino hiru gehiago.

Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, eta Auzitegi Gorenaren ebazpena jaso ostean Eusko Jaurlaritzak larrialdi sanitarioa aktibatuko duela ohartarazi ostean, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Euskadiko egoera epidemiologikoak goranzko joerarekin jarraitzen duela ohartarazi du.

Atzo, 1.274 positibo berri izan ziren, eta, ondorioz, 509ko da intzidentzia metatua. Birusaren eraginak gora egiten jarraitzen du Euskadiko ospitaleetan ere. Atzo 60 ospitaleratze berri izan ziren koronabirusagatik, eta guztira 229 pertsona daude EAEko ospitaleetan ingresaturik.

Hezkuntza-sistemari dagokionez, Euskadin guztira 190 gela daude itxita 85 ikastetxetan koronabirusagatik; hau da, ikasgela guztien % 1,09.

"Atzo aurreratu genizuen bezala, Osakidetzako zentro guztiak Kontingentzia Planaren bigarren agertokian kokatu dira. Beti babestu izan dugu Euskadik erantzuteko gaitasuna duen sistema indartsu bat duela. Oheak hirukoizteko gaitasuna dugu, 692ra iritsi arte ", esan du Osasun sailburuak.

Agerraldian sailburuak aurreratu duenez, aste honetan Osakidetzako Zainketa Intentsiboetako Unitateak (ZIU) 251 ohe ditu, eta horietako % 20 covid gaixoek betetzen dituzte. "Ikusten duzuenez, ez ditugu covid pazienteak bakarrik. Garai zaila da, eta arnas gaixotasunek ere laguntza behar dute ", gaineratu du.

Txertaketari dagokionez, Sagarduik gogorarazi du atzo bertan hasi zirela 60 urtetik gorako pertsonak txertatzen. "Atzo, 60-69 urte bitartekoei 52.228 hitzordu eman genizkien atzo", adierazi du, eta gaineratu du helburua dela xede-populazioaren gehiengoak errefortzu-txerto bat izatea Gabonen aurretik.

Bien bitartean, gripearen txertoak aurrera darrai. "Kanpaina ondo doa. Izan ere, 6 astetan 473.500 txerto jarri dira, 2019an baino % 41 gehiago. Txertaketak aurrera jarraituko du eta nahi duen orok hitzordua eska dezake", azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak.

Ikastetxeetan baheketak azkartuko ditu Hezkuntza Sailak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeetan baheketak egiteko prozesua azkartuko du, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak iragarri duenez. Hala, aurrerantzean, ikasgela batean agerraldia dagoen bakoitzean, familiak osasun zentrora joan ahalko dira zuzenean eta han listu bidezko PCR proba egingo diete haurrei.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Osasun larrialdia