Gizartea -
BIDAIAK
Abenduko zubian edo Gabonetan hegazkinez bidaiatzeko aholkuak
Pandemia gorantz egiten ari den honetan, hauek dira Erreklamaturen arabera, datozen egun eta asteetan hegaldi bat hartu aurretik aintzat izan beharreko kontuak.
EITB Media
Hegaldien erreklamazioetan espezializatuta dagoen Bilboko abokatu taldeak (Erreklamatu, aurrerantzean) hainbat gomendio egin dizkie abenduko zubian edo Gabonetan hegazkin bat hartu behar dutenei.
Koronabirusaren kutsatzeak Europa osoan gora egiten ari diren honetan, helmugako tokian pandemiaren egoera zein den aintzat hartzea aholkatu die. Halaber, bertan sartzeko baldintzak begiratzea eta txertatuta egonez gero jasotako txertoa herrialde horretan homologatuta dagoen egiaztatzea ere iradoki die. Izan ere, txerto batzuk ez dituzte ontzat hartzen herrialde batzuetan eta beste batzuetan koronabirusa gainditu izana ez da pauta osoa bete izanaren pareko.
Adibidez, pandemiaren ondorioz hegaldiak bertan behera gelditu daitezke edota aldaketak egon daitezke bisa eskuratzeko prozeduran edo herrialdera sartzeko baldintzetan (derrigorrezko koarentena, esaterako).
Antza denez, gero eta ohikoagoa da aste batzuk lehenago hegazkin konpainiek erabiltzaileei jakinaraztea hegaldia aurreratu edo atzeratu egin dela. Orduan azken horrek erabaki behar du aldaketa onartu edo txartelaren dirua itzultzeko eskatu. Enpresak aldaketa 15 eguneko aurrerapenarekin egiten badu, bidaiariak ez dauka eskubiderik kalte-ordainik eskatzeko, ezta gastuak erreklamatzeko ere.
Covid-19a edo beste arrazoi bat tarteko, hegaldia bertan behera gelditzen bada bidaiariak eskubidea du txartelaren dirua kobratzeko edo bidaiatzeko alternatibaren bat jasotzeko. Aireportuan ez atzera ez aurrera geldituz gero, konpainiak gastuak (janaria, edatekoa, ostatua) ordaindu beharko dizkio. Garrantzitsua da fakturak gordetzea gero erreklamazioak egiteko. Horrez gain, hegaldia bertan behera uztearen arrazoia hegazkin konpainiari egotzi ahal bazaio eskubidea izango du kalte-ordaina jasotzeko.
Hegaldiak hiru ordutik gorako atzerapena badu edo konpainiak maletak galtzen baditu, bidaiariak kalte ordaina eta gorabeherak eragin dizkion gastu guztiak itzultzea eskatu ahalko du.
Oraindik bidaiatzeko txartelik erosi ez dutenei, berriz, txartel malgu bat erostea gomendatzen die Erreklamatuk, egoeraren arabera bidaia bertan behera uzteko edo datak edo aldatu ahal izateko.
Aipaturiko gomendio horiei hegazkinez bidaiatzerakoan ohikoak direnak gehitu behar zaizkie:
- Aurreko egunetan online fakturazioa egin (check-in) eta hegazkin txartela deskargatu edo inprimatu behar diren gainerako dokumentuekin batera
- Aireportura garaiz joan maletak fakturatu, segurtasun-kontrola igaro eta sor daitekeen edozein ezustekori aurre egiteko
- Uneoro musukoa jantzita eraman. Maskara kirurgikoa erabiliz gero aldatu lau ordu igarotzen direnean