Gizartea -
Garraio publikoa
Garraioen prezioak zentimo bat eta hiru euroren artean igoko dira Bizkaian
Creditrans garraio publikoaren erabiltzaileek gehien erabilitako txartela zentimo bat eta hiru zentimo artean igoko da, eta aldizkako bidaia 2 eta 5 zentimo artean.
Agentziak | EiTB Media
Bizkaiko Garraio Partzuergoak (CTB) garraioaren prezioak igotzea onartu du asteazken honetan. Horrela, zentimo bat eta hiru euroren arteko igoera izango dute lurraldeko garraioek.
CTBk ohar batean azaldu duenez, Creditrans, Gizatrans eta aldizkako bidaien salneurriak duela bi urte aldatu zituzten azkenekoz, eta 2016ko abenduan aldi baterako txartelen kasuan (Gazte, 26 urtez azpikoentzako, eta Bidai, 26 urtez gorakoentzako).
Aldi baterako txartelek igoera handiena izango dute. Horrela, 25 zentimo eta 3 euro artean igoko dira prezioak. Igoera txikiena, ostera, Gizatrans txartelak izango du, zentimo bakarra igoko baita.
Bestalde, Creditrans garraio publikoaren erabiltzaileek gehien erabilitako txartela zentimo bat eta hiru zentimo artean igoko da, eta aldizkako bidaia 2 eta 5 zentimo artean.
Era berean, Bilboko trenbideetan zarataren eta dardaren aurkako ekintza egitasmoaren (2021-2024) hasieraren berri eman dute Partzuergoaren bileran.