Gizartea -
KATALUNIA
Gizon bat hil da Badalonan, Esquadra Mossoek taser pistola batekin hainbat deskarga elektriko eman ostean
Esquadra Mossoak Badalonako etxebizitza batera joan ziren ostiralean, antza, semea gurasoei labana batekin mehatxu egiten ari zelako. Kataluniako Poliziaren arabera, gizona azpiratzeko erabili zuten pistola elektrikoa. Ospitaleratuta egon ostean, azken orduetan hil da.
AGENTZIAK | EITB Media
Gizon bat hil da Badalonan (Katalunia), Esquadra Mossoek taser pistola batekin hainbat deskarga elektriko eman ostean. Ostiraletik ospitaleratuta egon ondoren, azken orduotan hil da.
Hildakoaren gurasoek Esquadra Mossoei deitu zieten ostiralean, semea labana batekin mehatxatzen ari zitzaiela esanez. Deiaren berri izan ondotik, agenteak alboko etxebizitza batetik sartu ziren barrura, ustez gizonak sarrerak blokeatu egin zituelako.
Kataluniako Barne Kontseilaritzak zabaldutako informazioaren arabera, agenteek protokoloa bete zuten taser pistola erabiltzerakoan. Deskarga eman aurretik, gizona ohartarazi omen zuten, baina mehatxatzen jarraitu ei zuen.
Deskarga elektrikoak eman ondoren, gizona ospitaleratu egin behar izan zuten, eta bertan hil da, egun batzuk geroago.
Autopsiaren zain daude heriotzaren nondik norakoak argitzeko.
Katalunian taser pistolak erabil daitezke, baldin eta agenteak edo beste pertsona batzuk arriskuan baldin badaude.