Gizartea -
Epaiketaren hirugarren saioa
Lekukoek ez zuten Amaia Azkueren ustezko hiltzailearen aurpegia ikusi
Ustezko hiltzailea Azkueren gauzak edukiontzi batera botatzen ikusi zuen lekuko bakarrak, ordea, bankuko kamerek jasotako irudietan agertzen den gizonaren antza duela esan du.
Erredakzioa
Donostiako Adingabeen Epaitegian Amaia Azkueren hilketa argitzeko epaiketaren hirugarren saioan lekukoek deklaratzen jarraitzen dute.
Miguel Castells biktimaren familiaren abokatuak adierazi duenez, lekukoek ez zioten ustezko hiltzaileari aurpegia ikusi. Krimenaren ustezko egilea ikusi zuen emakumeak ez zuen esan akusatua izan zela biktimaren autoan zeuden objektu batzuk edukiontzi batera bota zituena, baina Castellsek azpimarratu duenez, ezeztatu ere ez zuen egin.
Halaber, Castellsek lekukoaren deklarazioa ahotan hartuta adierazi duenez, bankuko segurtasun kamerek grabatutako irudietan agertzen den pertsonaren ezaugarriak eta lekuko horrek hilketaren egunean ikusi zuenarenak bat datoz.
Epaileak, guztira 69 lagun deitu ditu deklaratzera, Amaia Azkueren familiako askok ostegunean deklaratuko dute. Horrez gain, sei aditu-froga aurkeztuko dira, nagusiena, autopsia izango da. Ez da gorpuari eginiko azterketa bakarrik ezagutuko, inguruan aurkitutako ebidentzienak ere bai. Beste bost aditu-frogak teknikoak dira,Ertzaintzak eginiko lanaren ingurukoak.
Astearteko saioan, epaiketaren bigarren egunean hildakoaren senarrak eta bere gertuko jendeak deklaratu zuten, krimena gertatu zen egunean, 2011ko martxoaren 16an, Amaia Azkuerekin kafea hartu zuen lagunak hitz egin zuen, besteak beste. Amaia Azkueren hilotza urtegian aurkitu zuten bi emakumeak ere epaitegian izan ziren.
Epaiketaren amaiera astelehenerako dago aurreikusita, baina litekeena da atzeratzea.
Ustezko hiltzaileak bere errugabetasuna defendatu du
Amaia Azkueren ustezko hiltzaileak, 18 urteko adingabeak, epaiketaren lehen egunean deklaratu zuen. Bertan bere errugabetasuna defendatu zuen.
Epaiketa Donostiako Adingabeen Epaitegian egiten ari dira, izan ere, akusatua adingabea zen krimena jazo zenean, 2011ko martxoaren 16an, 17 urte zituen. Ustezko hiltzailea joan den urteko abuztuan (18 urte bete behar zituen egunaren bezperan) Donostiako Adingabeen Fiskaltzara joan zen eta Azkue berak hil zuela aitortu zuen. Deklarazio horren ostean, Zumarragako Adingabeen Zentroan sartu zuten.
Sei hilabete geroago, ordea, berriro deklaratu zuen eta Azkue, berak ez, beste pertsona batek hil zuela adierazi zuen.
Balizko zigorra
hamar urteko kartzela zigorra eta beste bost urte zaintzapeko askatasunean