Gizartea -
Zientzia
EHUko katedradun bat, biofisikaren maila gorenean
Felix Goñi irakaslea Amerikako Biofisika Elkarteko "Mintzen Egitura eta Mihiztatzea" saileko presidente aukeratu dute 2014rako.
Erredakzioa
Felix Goñi Euskal Herriko Unibertsitateko Biofisikako zuzendari eta Biokimika eta Biologia katedraduna Amerikako Biofisika Elkarteko "Mintzen Egitura eta Mihiztatzea" saileko presidente aukeratu dute 2014rako.
EHUk agiri batean jakitera eman duenez, biofisika elkarte hori munduko garrantzitsuena da eta 8.450 kide ditu. "Mintzen Egitura eta Mihiztatzea" saila elkarte horren azpitaldeetako bat da, aktiboenetakoa, eta mundu osoko 500 zientzialari biltzen ditu.
Zientzialari horiek dira bi urte geroagoko presidentea hautatzen dutenak.
Goñi Amerikako Biofisika Elkarteko Nazioarteko Harremanen Batzordeko presidente da 2010etik eta beste hiru hautagairi gailendu zaie.
"Izendapenak Biofisika Sailaren lana goraipatzen du eta agerian uzten du gure lanak nazioarteko sona lortzen duela", azaldu du zientzialariak.
Mintzen Egitura eta Mihiztatzea
"Mintzen Egitura eta Mihiztatzea" sailak zelulen mintzak aztertzen ditu, zelulen mugak eta zelulek gainerako zelulekin komunikatzeko erabiltzen dituzten tresnak.
Bakteriek eta gripea, ebola edo Hiesa bezalako birusek gorputzetan sartzeko erabiltzen duten bidea ere bada zelulen mintza.