Gizartea -
KORONABIRUSA
Zupiria: "Beste leku batzuetan hartzen ari diren neurriak aztertzen ari gara, hemen ezarri ahal izateko"
Lehendakariak eskatuta, Osasun Saila beste erkidego eta herrialde batzuetan covid-19aren pandemiari aurre egiteko ezartzen ari diren neurriak aztertzen ari da.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Covid-19aren seigarren olatua geldiarazteko neurri murriztaile gehiago ezartzea aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza, eta horretarako, beste herrialde eta erkidego batzuetan ezarri dituzten neurriak identifikatzen ari dira, EAEn aplikagarriak diren jakiteko. Hala ziurtatu du Bingen Zupiria Gasteizko exekutiboko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta bozeramaileak, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. "Lehendakariak eskatu dio Osasun Sailari aztertu ditzala beste herrialde batzuetan hartzen ari diren neurriak, hemen ezartzea posible den jakiteko. Neurri horiek identifikatu eta, beharrezkoa balitz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari galdetu beharko genioke, aplikagarriak diren edo ez jakiteko", gaineratu du.
Atzo EAEn indarrean sartu zen covid ziurtagiriari buruz, garbi esan du "neurri bat gehiago" dela, eta horrek bakarrik ez duela birusaren transmisioa etengo. Asteon, Iñigo Urkullu lehendakariak aurreratu bezala, Zupiriak berretsi du balitekeela covid pasaportea beste eremu batzuetara zabaltzea. Ildo horretan, gogora ekarri ditu "beti kontuan hartu beharko genituzkeen beste neurriak: musukoa erabiltzea, distantzia mantentzea, toki itxiak aireztatzea eta sintomarik izanez gero, Osakidetzarekin harremanetan jartzea".
Ate-joka ditugun Gabonetako ospakizunak ere izan ditu hizpide Jaurlaritzako eledunak. Aurtengo agertokia iazkoaren aldean hobea dela nabarmendu du, txertoari esker. "Baldintzak beste batzuk dira: herritarren gehiengoa txertatuta dago, 60 urtetik gorako herritar askok 3. dosia jarrita dute, eta haurren txertaketa ere, abian egon daiteke", gaineratu du. Gauzak horrela, senide eta lagunen arteko bilkurak "kontuz" eginez gero, Gabon-jaiak ospatzeko aukera egon daitekeela uste du: "familia askok, gainera, bildu aurretik antigenoen proba egitea erabakiko dute, seguruago sentitzeko".
Azkenik, atzo abiatu zen Durangoko Azokaren 56. edizioaz, Zupiriak txalotu egin du antolakuntza egiten ari den ahalegina. "Presentzialtasuna bermatzeko", hartu diren neurriak "zorrotzak eta eraginkorrak" direla esan du. "Hori bai, azokatik kanpora ere, zaindu gaitezen", amaitu du.