Gizartea -

giza eskubideen xvii. astea

Covid-19aren aurkako txertoa unibertsala eta doakoa izan dadin eskatu dute Nafarroako zenbait elkartek

Giza Eskubideen XVII. Astearen testuinguruan egin dituzte adierazpenok. Iruñean ospatuko da, abenduaren 10etik 18ra bitartean.

Giza Eskubideen XVII. Astea aurkezteko prentsaurrekoa. Argazkia: EFE
Giza Eskubideen XVII. Astea aurkezteko prentsaurrekoa. Argazkia: EFE
Giza Eskubideen XVII. Astea aurkezteko prentsaurrekoa. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giza Eskubideen XVII. Astea aurkeztu dute astearte honetan emandako prentsaurreko batean. Iruñean ospatuko da, eta abenduaren 10etik 18ra luzatuko da. Giza Eskubideen aldeko lana egiten duten zenbait elkartek parte hartu dute horren antolaketan: Amnistia Internazionala, SOS Racismo Nafarroa, Médicos del Mundo, Oxfam Intermon, Papeles y Derechos Denontzat, Plataforma por los Derechos y la Salud Mental de Navarra, CEAR eta SEI.

Iñaki Justes eta Romi Sordomez elkarte-multzoaren bozeramaileak bat etorri dira txertoa mundu osora iristeko premian. Justesek azaldu duenez, "pertsona orok izan beharko luke txertoa, baina beste behin ikusi dugu Afrika atzean gelditu dela, onura ekonomikoak pertsonen osasunari gailentzen baitzaizkio".

Giza Eskubideen astean ospatzekoak diren jarduerak aurkeztu aurretik, Sordomezek hausnarketa egin du munduak bizi duen egoeraren inguruan. Bere hitzetan, "pertsonek eta euren eskubideek lehen planoa hartu beharko lukete, eta erantzunaren zein suspertzearen helburu nagusia izan". "Guztiontzako osasun-estaldura bezalako marko unibertsalak behar ditugu", gaineratu du.

Gainera, pandemiak talde zaurgarriengan izandako eragin "neurrigabea" tamaldu du, "lehen lerroan dauden langileak, desgaitasuna duten pertsonak, pertsona nagusiak eta gutxiengoak" barne hartuta.

Osasun-krisitik harago, Sordomezek uste du urteko balantzea ez dela "oso pozgarria" eskubideei dagokienez. Nabarmendu duenez, "gerrak daude oraindik, baita erregimen diktatorialak eta desberdintasun ekonomiko izugarria ere". Azken hori "planeta osoak baino diru gehiago pilatzen duen herritargoaren % 1ean islatzen da, portzentaje lotsagarria".

Horrek guztiak, Sordomezen arabera, milioika pertsonaren exodoa eragiten du, "bizitzeko leku seguruago" baten bila. Migrazioetarako Nazioarteko Elkarteak gogorarazi duenez, 281 milioi pertsonatik gora, aurreko urtean baino 23 milioi gehiago, jaio diren herrialdetik kanpo bizi dira.

Giza Eskubideen eta Migrazioen XVII. Astea Iruñean izango da eta horren xedea da "giza-familiaren datxekion duintasunaren eta berdintasunezko eskubideen aitortza, hori baita askatasunaren, justiziaren eta bakearen oinarria".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko bideoak Albisteak migrazioa Nafarroako albisteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Txertoak azken ordukoa Giza eskubideak albisteak Koronabirus-agerraldiak