Gizartea -
Ekintzaile maputxea
Elisa Loncón Antileo txiletar ekintzaile eta politikariak jasoko du René Cassin giza eskubideen saria
Txileko biltzar konstituziogilearen presidenteak urtarrilaren 19an jasoko du, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak ematen duen saria.
Agentziak | EITB Media
Eusko Jaurlaritzak Elisa Loncón Antileo txiletar ekintzaile eta politikariari emango dio René Cassin giza eskubideen saria aurten. Jaurlaritzak 2003an sortu zuen saria, eta urtero ematen die giza eskubideen defentsan nabarmen diren pertsona edo elkarteei.
René Cassin 1968an Bakearen Nobel saria irabazi zuen lapurtar legelariaren izena du sariak, Giza Eskubideen Adierazpenaren bidegileetako bat gisa oroitua.
Gasteizen egindako prentsaurrekoan Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren sailburuordeak esan duenez, saritua "ospe handiko emakumea" da, "baina, aldi berean, xumea eta jatorriaz harro dagoena".
Elisa Loncón Antileo Traiguén komunan jaio zen, Araucania Txile hegoaldeko eskualdean, 1963ko urtarrilaren 23an, eta Lefweluan maputxeen komunitatean hazi zen.
"Maputxea da, hizkuntzalaria, ekintzailea eta politikaria, eta, gaur egun, Txileko Konstituzio Konbentzioko presidentea da, herrialdearen eraketa-proiektu berria idazteko sortutako organoa", nabarmendu du Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariak.
Halaber, Hernandok azpimarratu du Lonconek giza eskubideen defendatzaile gisa maputxeen eta Txileko jatorrizko gainerako herrien hizkuntza eta kultura onartzeko egindako lana.
Urtarrilaren 19an Elisa Loncon Euskal Herrira etorriko da, Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren eskutik Lehendakaritzan, Gasteizen, saria jasotzeko.