Gizartea -

Osasun Etxea

Zubiak haurrak txertatzearen alde egin du, "helduok haurrak ez kutsatzeko neurriak hartuko ez ditugulako"

Donostia Ospitaleko ZIUen arduradunak adierazi du txertoa "ziurra" dela, eta "onura sozial" nabarmena ekarriko duela, haurrek bizitza normala egiteko aukera izango dutelako txertaketa protokoloa betez gero.

Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUen arduraduna. Argazkia: EiTB
Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUen arduraduna. Argazkia: EiTB
Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUen arduraduna. Argazkia: EiTB

Manu Gimenez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazkenean hasiko da Hego Euskal Herrian haurren txertaketa-kanpaina, pandemiaren eragina oraindik zabaltzen ari dela hasiko da.

Nafarroan 629 kutsatze berri jakinarazi dituzte, eta kontuan izanda atzoko datua dela eta larunbatetan PCR gutxiago egiten direla, oso datu altua da. % 35 igo dira kutsatzeak astebetean Foru Erkidegoan.

Hain zuzen, pandemiaren zabalpen hori gelditzeko tresna gisa ikusten du baliagarri haurren txertaketa Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitateko zerbitzu buruak. Hori bai, oso kritiko da bere hitzetan helduek oinarrizko segurtasun neurriak ez betetzeak ekarri duelako egoera hori, berez haurrek ez dutelako gaitza larri pasatzeko arriskurik.

Zubiak Euskadi Irratiko Osasun Etxean gogorarazi duenez, datuek erakusten dute COVID-19a duten 100.000 haurretik 10 ospitaleratzen dituzte soilik, eta horietako hiru eramaten dituzte ZIUra.

"Helduon jarrerengandik" babesteko

Medikuaren esanetan, birusak ez du arrisku berezirik haurrentzat, eta transmisioa ere txikiagoa da beraien artean. Hala ere, haurrak txertatzearen alde agertu da, gaitzagatik babesteko ez ezik, "helduon jarrerengandik" babesteko.

Zubiak argi esan du: "Txertoa ziurra da". Hala ere, aipatu du milioi bat dosiko 22 miokarditis kasu atzeman direla, baina gaitzak ospitaleratzea eragiten duen arren, sendatu egin ohi dela. Horregatik, argi adierazi du ez diola "arrisku sentsaziorik eragiten".

Medikuak hiru joera ikusten ditu profesionalen artean txertoa dela eta: batzuk uste dute txertatu egin behar dela arriskua baxua delako; beste batzuk uste dute ez dela txertatu behar, gaitzaren arriskua oso txikia delako; eta azkenik, eta hor kokatzen du bere burua Zubiak, txertatzearen onura handiena soziala ikusten dutenak daude, txertaketa protokoloari esker haurrek bizitza sozial normala egiteko aukera izango dutelako.

Felix Zubia, haurren txertaketari buruz
Felix Zubia, haurren txertaketari buruz
Felix Zubia, haurren txertaketari buruz

play icon 29:59

Dena den, ZIUen arduradunak gogor kritikatu du txertatzeko gomendioaren oinarrian helduen portaera okerrak daudela: "Ez ditugu neurriak hartuko helduok haurrak ez kutsatzeko, eta haurren bizimodua erabat mugatuta ez geratzeko, horregatik gomendatzen dugu txertatzea. Tristura handia eragiten dit ikusteak nola helduok parrandan gabiltzan, ez dugun bestelako neurririk hartzen, eta nola azkenean haurrak txertatzen bukatuko dugun".

Horren harira, seigarren olatuan ez du joera aldaketarik ikusten Zubiak, neurri zorrotzagoak hartu ezean egoerari aurre egitea zaila izango dela uste du. Kezka azaldu du positibo kopuru altua ZIUetan islatuko delako eta horrek jarduera kirurgikoa arriskuan jarriko duelako.

Gainera, 70 urtetik gorakoen artean hirugarren dosiaren eragina nabaritzen ari omen dira, kasu gutxiago iristen direlako orain ZIUetara. Baina gazteen artean gorakada atzeman du, txertatu gabeko gazteak hain zuzen ere. Horregatik, txertoa hartzeko deia egin du.

Zuzenketa

Bestalde, eta hainbat hedabidetan argitaratutakoaren aurrean, Donostia Ospitaleko medikuak aurreko astean egindako adierazpenak argitu nahi izan ditu, eta azpimarratu  du ez zuela esan "eskolak ixtea komeni denik, baizik eta helduon jardueragatik haurrak kutsatzen badira, ez dela modurik izango haurrek eskolan jarraitzeko".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Nafarroa gaur EAE albisteak Gizartea Gaurko titularrak Eguneko albisteak Irratia euskaraz Osasun albisteak gaur Donostia Ospitalea Koronabirus-agerraldiak