Gizartea -

eguraldia

Oskarbi eta epel hasi da astea

Datozen egunetan, antizikloiaren eragipean jarraituko dugu. Tenperatura maximoak 17 ºC-ra ere iritsiko dira.

Goiz eguzkitsua Plentzian, igande honetan. Argazkia: Victor Uriarte
Goiz eguzkitsua Plentzian, igande honetan. Argazkia: Victor Uriarte
Goiz eguzkitsua Plentzian, igande honetan. Argazkia: Victor Uriarte

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giro atseginarekin abiatu dugu astea, eta horrela jarraituko du egun batzuetan. Zerua oskarbi egongo da aste osoan zehar, eta, oro har, tenperaturek ez dute bestelako aldaketarik jasango, asteazkenean izan ezik, apur bat jaitsiko baitira orduan.

Gaur, egun eguzkitsua izango da Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskalmeten arabera, eta behe-lainoa Ebro ibarrean. Antizikloiaren eraginpean egongo gara eta hegoaldeko haizea ibiliko da. Kostaldean, arratsaldean, ekialdeko haizea sartuko da. Tenperatura maximoak 15 ºC ingurukoak izango dira isurialde atlantikoan, eta zertxobait baxuagoak hegoaldean. Zerua oskarbi egongo da egun osoan. Ebro ibarreko lainoa azpimarragarria izango da, eta baliteke egun osoan ez jasotzea; horrela balitz, giro freskoa eta hezea izango litzateke.

Aemet agentziak, bestalde, egun freskoa iragarri du Nafarroan, maximoak eta minimoak jaitsita. Mendi-inguruetan, ordea, gora egingo dute. Haizea indarrik gabe ibiliko da, eta zerua oskarbi; Nafarroako Hegoaldean, bereziki. Lainoa, berriz, eguneko lehen eta azken orduetan nagusituko da, eta iraunkorragoa izango da Ebro ibarrean. Edonola ere, izotzaldi ahulak eta barreiatuak izan litezke Pirinioetako gailurretan.

Asteartean, giro eguzkitsuarekin jarraituko dugu. Eguna lainoguneekin eta lanbroarekin hasiko dugu, baina goiak garbi egongo dira. Egunsentian freskoa izango da giroa, baina eguerdi parterako epeldu egingo du. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, hego ukituarekin. Ebro ibarrean, lainoguneak ez dira iraunkorrak izango, baina baliteke eguerdira arte irautea.

Nafarroan, hodeitsu hasiko da eguna, hegoaldean bereziki. Tenperatura minimoetan ez da aldaketa handirik izango, eta maximoek gora egingo dute Ebro ibarrean eta Estellerrian, baita gainerakoan ere, modu arinagoan. Izotzaldi ahulak izango dira asteartean, eta haize ahul aldakorrak ibiliko dira, gehienetan ipar joerakoak.

Tenperaturari dagokionez, 16 ºC-ren inguruan ibiliko dira maximoak egunotan zenbait hiriburutan, eta 17 ºC-ra ere iritsiko dira Bilbon. Minimoak, berriz, 1 eta 7 ºC artean geratuko dira, eta Araban eta Nafarroan erregistratuko dira hotzenak.

Azken hamarkadetako uholderik handienak

Azken hiru asteotako etengabeko euri denboraleak eta prezipitazio bortitzek azken hamarkadetako uholderik handienak eragin dituzte Euskal Herrian. Nafarroa izan da denboraleak gogorren jo duen ingurua, Arga eta Ebro ibaien emariagatik bereziki.

Ebro ibaiaren gorakadak Castejonen eta Tuteran utzi ditu ondorio okerrenak, baina datozen egunetarako lasaialdia espero da.

Eguraldiaren inguruko informazio eguneratua une oro kontsulta dezakezu eitb.eus-en, eta zure argazkiak bidali.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Eguraldia Donostia Gizartea albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak