Gizartea -
Donostiarra
Chef donostiar batek Argentinako jatetxe onenaren saria irabazi du
Nadia Haronek gastronomian berrikuntzari garrantzi gehiegi ematen diotenak kritikatu ditu, "berrikuntza bera platereko protagonista bihurtzeko arriskua dagoelako".
Erredakzioa
Ez parrillarik eta ez pizzeriarik, "Nadia O.F." Argentinako 2011ko jatetxerik onenak euskal kutsua du eta Nadia Haron chef donostiarraren eskuetan dago.
Haronen arrakastaren gakoa "lanean, konstantzian, bokazioan eta irudimenean" dago. Donostiarrak Farmazia ikasketak egin zituen eta sukaldaritzan autodidakta da. Saria Argentinako Gastronomiaren Akademia Nazionalak eman dio.
Nadia Haron Donostian jaio zen eta duela urte batzuk Ucoko Bailarara joan zen, Argentinako ardoen sorlekura. O.Fournier familiaren upeltegiko jatetxean eman zituen lehen urratsak gastronomiaren munduan.
"Urban, de O.F." jatetxeak urtebete eskas zuen Ardoaren Hiriburu Handien epaimahaiak Zilarrezko Domina eman zionean. Orduz geroztik sariak bata bestearen atzetik iritsi ziren: Bi Urrezko Domina, besteak beste. Arrakasta ikusita, Haronek bere jatetxea irekitzea erabaki zuen 2010eko otsailean.
Berrikuntzaren "gehiegikeriak"
Donostiarrak Chacras de Coria izeneko udalerrian ireki zuen jatetxea, Buenos Airesetik 1.000 kilometro ingurura, XIX. mendeko etxetzar batean.
"Behin esan zidaten etorkizuneko sukaldaritza iraganeko sukaldaritza dela", dio Haronek. Izan ere, bere ustez, gastronomian berrikuntzari garrantzi gehiegi ematak "berrikuntza bera platereko protagonista bihurtzeko arriskua dakar".