Gizartea -

KORONABIRUSA

Osakidetza hasi da 12 urtetik beherakoak txertatzen, lehen egunean 2.400 dosi baino gehiago jarrita

Euskadin 22.000 hitzordu baino gehiago eman dituzte dagoeneko. Nafarroan, Tafallan eta Donezteben hasi dira lehen dosiak jartzen, eta ostegunean orokortuko da txertaketa.

Erizain bat mutiko bat txertatzen. Artxiboko argazkia: Agentziak
Erizain bat mutiko bat txertatzen
Hasi da 12 urtetik beherakoen txertaketa Euskadin

2:09

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan asteazken honetan hasi da haurren txertaketa kanpaina. Pixkanaka egingo da, nagusienekin hasita. Txertoa hartzen lehenak 11 eta 9 urte bitarteko umeak izango dira, eta, apurka-apurka, dosien arabera, txikiagoak txertatzen joango dira, harik eta 5 urteko umeak txertatu arte (beteta izan beharko dituzte).

Lehen egunean, 2.400 dosi baino gehiago jarri dituzte Euskadin. Nafarroan, ostera, Tafallan eta Donezteben hasi dira lehen dosiak jartzen.

Haurrei jarriko zaien dosia helduei jartzen zaienaren herena izango da. 

Guztira 5-11 urteko 145.000 bat haur daude Euskal Autonomia Erkidegoan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiek Osakidetzaren webgunearen bitartez edo telefonoz egin ahal dute eskaera.

Euskadik Pfizerren 60.000 txerto pediatriko jaso ditu dagoeneko, astelehen honetan Espainiara iritsi diren 1,3 milioi txerto baino gehiagotatik.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Osakidetzak 9 eta 11 urte bitarteko adingabeentzako 22.000 txertaketa-hitzordu baino gehiago esleitu ditu dagoeneko.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar baten bidez azaldu duenez, Osakidetzaren webgunea lehenetsiko da hitzordua hartzeko. Hala ere, arazoren bat izanez gero, anbulatoriora edo 900 20 30 50 zenbakira deitu ahalko da, eta 1 tekla sakatu ostean, txertoa jartzeko eguna eta lekua zehaztuko da.

Hitzordua baieztatzearekin batera, bigarren dosia hartzeko eguna ere jakinaraziko da (zortzi aste igaro beharko dira batetik bestera).

Osakidetzak zehaztu duenez, oraingoz ez zaie txertoa emango infekzio aktibo bat duten edo azken bi hilabeteetan koronabirusa izan duten adin txikikoei, hots, 5.600 umeri. 

Haurren txertaketa Nafarroan

Nafarroan ere, gaur abiatu dute haurrak txertatzeko kanpaina. Gaur, Tafallako Kultur Etxean eta Doneztebeko kiroldegian hasiko dira lehen dosiak jartzen, eta ostegunetik aurrera, txertaketa modu orokortuagoan egingo dute Iruñeko Seminarioan. 2010, 2011 eta 2012an jaiotakoak izango dira txertoa hartzen lehenak, eta modu progresiboan egingo dute bost urteko haurrak txertatu arte.

Osasunbidea sendiekin jarriko da harremanetan SMS edo telefono dei baten bitartez hitzordua zehazteko.

Gaixotasuna igaro duten haurrek dosi bakarra hartuko dute gaitza pasatu eta gutxienez lau aste igaro ondoren. Lehen dosiaren eta bigarrenaren artean kutsatzen direnen kasuan, bigarren dosia hartuko dute kutsatu direnetik gutxienez lau astera.

Bestalde, lehen dosia jaso ostean 12 urte betetzen dituztenei covid-19aren aurkako txertoaren helduen dosia jarriko diete.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoa Nafarroako albisteak Araba EAE albisteak Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Osasunari buruzko albisteak Nerabezaroa albisteak Txertoak egutegia Koronabirusaren olatua gaur Osasunbidea