Gizartea -
koronabirusa
Covid ziurtagiria ez da tabernetako terrazetan eskatuko
Era berean, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du covid ziurtagiria ez dela beharrezkoa izango txokoetan, elkarte gastronomikoetan, laneko jantokietan, elizetan otoitzean zehar edo zenbait kafetegitan, eramateko produktuak eskatzean.
agentziak | eitb media
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitu duenez, covid ziurtagiria aurkezteko beharrak ez ditu ostalaritza lokaletako terrazak barne hartzen, esparru itxietara mugatzen baita.
Asteazken honetan Iñigo Urkullu lehendakariaren dekretu berria indarrean sartu zenetik, zalantzak sortu dira eta, galdera horiei erantzuteko, agiri bat argitaratu du Eusko Jaurlaritzak. Taberna, jatetxe, ospitale, egoitza, gimnasio, polikiroldegi eta kultur-ikuskizunetara sartzeko hedatu zuten asteazkenean covid ziurtagiria.
Ziurtagiriak ez die ostalaritzako langileei eragingo, ezta lokaletara bertaratuko diren hornitzaileei ere.
Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du covid ziurtagiria ez dela beharrezkoa izango txokoetan, elkarte gastronomikoetan, laneko jantokietan, elizetan otoitzean zehar edo zenbait kafetegitan, eramateko produktuak eskatzean.
Saltoki konbinatuen kasuan (kafetegi ere badiren okindegietan, esate baterako), lokalean kontsumituko bada bakarrik eskatu daiteke ziurtagiria; ez, ordea, produkturen bat erosten bada edo eramateko jana zein edana eskatzen badira.
Merkataritza-guneetara sartzeko ere ez da eskatuko; bertan kontsumitzera bideratuta dauden barneko lokaletan bakarrik.
Agiriak gogora ekarri duenez, NANa aurkeztu beharko da ziurtagiriarekin batera, eta establezimenduetako jabeek sarrera eragotzi beharko diete aurkezten ez dutenei. Neurria bete ezean, Ertzaintza zein Udaltzaingoak abisatu ahal izango dituzte.