Gizartea -
Ikerketa baten arabera
Egungo euskal familiek ezberdintasun ereduak errepikatzen dituzte
Gaur aurkeztu duten ikerlan baten arabera, oraindik emakumeen eta gizonen eginkizunak mantentzeko "ezkutuko mekanismoak" daude.
Erredakzioa
Euskal familia berriek ezberdintasun ereduak errepikatzen dituzte etxeko lanetan, Deustuko Unibertsitatearen eta Emakunderen ikerketa baten arabera.
Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak eta gaur aurkeztu diren hiru libururen egileek berdintasunari buruzko lanak azaldu dituzte Gasteizen.
Etxeko lanen inguruko analisia egin du Raquel Royo soziologoak 50 familiako laginarekin. Ustez, gizarte parametro sozialekin bat egiten duten lagunak dira, hau da, bikoteko bi kideek unibertsitate ikasketak dituzte eta biek etxetik kanpo lan egiten dute, besteak beste.
Hala ere, egileak azaldu duenez, ikerketaren arabera, "genero inertziak" mantentzen dira, eta emakumeek lan bikoitza egiten dute (etxetik kanpo eta etxean bertan).
Honen harira emakumeen eta gizonen "eginkizunak" mantentzen dituen "ezkutuko mekanismoaz" hitz egin du, eta ondorioz, garbiketa lanak, esaterako, emakumeenak direla pentsatzen dute askok, eta konpontze lanak,ordea, gizonenak.
Rol hauen aldatzea soilik hezkuntzaren bitartez egin daitekeela uste du. Irakaskuntza du hizpide bigarren ikerketak. Pilar Aristizabal pedagogoaren lanak "Genero tratamendua irakasleen formakuntzan" izenburua darama eta Gasteizko Magisteritza eskolan egin du ikerketa. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko ezberdintasunak ikasketak aukeratzeko orduan ere eragina dutela ondorioztatu du.
Azken liburuak gatazka belikoetan genero-indarkeria "gerrako arma" gisa erabili dela azaltzen du.
Idazle horietako baten, Ander Leonen, esanetan, emakumeak "erregimenaren aurkako kideen emazte, ama edo senide izate hutsagatik" ere zigortu zituzten beste garai batzuetan.