Gizartea -

Iruzurra Donostian

Gizon batek epaile plantak egin zituen 665.000 euro lapurtzeko

Fiskaltzak sei urteko kartzela-zigorra eskatu du bere kontra. Administrazioarekin zituen zorrak eta isunak kitatuko zizkiola hitz ematen zion auzipetuak biktimari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak sei urteko kartzela-zigorra eskatu du gizon baten kontra Gipuzkoako auzitegiko epaile plantak eginez gizon bati iruzur egin eta 665.000 euro kentzeagatik. Hori dena hildako beste pertsona baten laguntzarekin egiten zuen.

Ministerio Publikoaren akusazioan agertzen denez, ustezko iruzurra 2008ko amaiera eta 2009ko hasiera artean gertatu zen. Auzipetua eta dagoeneko hilda dagoen laguntzailea biktimaren lagunak egin ziren bere konfiantza lortzeko asmoz.

Hori horrela, egun hilda dagoen laguntzaileak higiezin asko zituela esaten zuen, gezurretan, eta biktimaren laguna egin zenean bere esku utzi zituen horien gaineko zenbait botere.

Aldi berean, auzipetua epailea zela esan zioten biktimari eta "funtzionarioen eta politikarien artean lagun asko" zituela, eta "isunen eta zorren ordainketa konpon" zezakeela ematen zioten aditzera.

Gezurrari sinesgarritasun handiagoa emate aldera, auzipetua, haren laguntzailea zena eta biktima Donostiako Gipuzkoako Auzitegian geratu ziren eta ustezko iruzurgilea toga eta guzti jantzita agertu omen zen.

Horren ondoren, auzipetuak eta laguntzaileak dirua eskatu zioten biktimari "zerga arazoak eta isunen ordainketak konpontzeko".

Hori horrela, biktimak, "auzipetua epailea zela pentsatuta eta ondare handi baten bermea zuela jakinda", ustezko iruzurgileei 665.000 euro eman zizkien.

Biktimaren zorrak ordainduta zeudela irudikatzeko, hainbat paperetan gezurrezko zigiluak jartzen zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea