Gizartea -
indarkeria matxista
Indarkeria matxistak eragindako umezurtzek pentsioa jasotzeko aukerak zabaltzea proposatu du Kongresuak
Zurztasun pentsioa jasoko dute haurrek hiltzailea amaren bikotekidea zein bikotekide ohia bada, euren aita izan ez arren. Era berean, hilketaren ondoren adoptatuak direnek ere jasoko dute pentsioa.
agentziak | eitb media
Diputatuen Kongresuak urrats berri bat emango du datorren ostegunean, indarkeria matxistaren biktima izan diren seme-alabei laguntzeko. Hala, zurztasun pentsioa jasotzeko aukerak areagotuko ditu eta ama bikotekideak zein bikotekide ohiak hil dietenek ere jasoko dituzte, euren aita izan ez arren; baita hilketaren ondoren adoptatuak izan direnek ere.
Behe-ganberako Berdintasun Batzordeak aho batez onartu zuen sozialisten lege-proposamenaren txostena, Voxen aurkako botoekin. Indarkeria matxistaren biktima diren umezurtzen babesaren hobekuntza mahaigaineratzen du horrek, Unidas Podemos eta PPren zenbait transakzio-zuzenketa erantsita.
Testu horrek Diputatuen Kongresuaren babesa jasoko du datorren ostegunean, ondoren senatura igarotzeko eta, hala, izapide parlamentarioarekin aurrera egiteko.
Lidia Guinart alderdi sozialistako diputatuak azaldu duenez, proposamenaren muinak Fundación Mujeres elkarteak argitaratutako txostena du sorburu."Haiek dira kalean egoten direnak, adituak, indarkeria matxistaren umezurtzekin topatzen direnak eta euren arazoen aurrean aurpegia ematen dutenak" eta, diputatuaren hitzetan, "arazook helarazten dizkigutenak dira, legegintzatik irtenbidea eman diezaiegun".
26 umezurtz utzi ditu aurten estatu-mailan indarkeria matxistak, eta zailtasunak dituzte oraindik kalte-ordainak jasotzeko. Guinartek nabarmendu duenez, testuaren helburua da 3/2019 legean (indarkeria matxistaren biktimen seme-alaben zurztasun egoera hobetzeko legea) "ebatzi gabe gelditzen diren" auziei heltzea.
Gainera, PSOE eta Unidas Podemos taldeek ezarritako zuzenketekin, laguntza horiek jaso ahal izango dituzte euren aita ez den gizon batek ama hil duen kasuetan ere.
Era berean, adoptatuak izan diren umezurtzek ere laguntzak jasotzeko eskubidea izango dute. Izan ere, kasu askotan familiak berak adoptatzen zuen haurra krimenaren ostean, horrek pentsioaren galera zekarrelarik, familia zaurgarrietan arazo ekonomikoak eraginez.
Halaber, Kongresuak onartuko duen testuan aipatzen da zurztasun egoera ezarriko dela haurraren aita, hiltzailea izan ez arren, absente egon denetan eta non dagoen ez dakitenetan.