Gizartea -

Koronabirusa

Urkullu: "Premiazkoa da kanpoaldean maskara derrigorrezko egitea eta neurri prebentibo komunak hartzea"

Lehendakariak eskertu egin du Pedro Sanchezek Presidenteen Konferentziaren bilera aurreratu izana. Horren ustez, "ez da positiboa erabaki eta erantzun aniztasuna".

Urkullu, aurreko ekitaldi batean. Argazkia: EFE
Urkullu, aurreko ekitaldi batean.
Urkulluk premiazkotzat jo du kanpoan maskara erabiltzera behartzea eta prebentzio-neurriak bateratzera

2:41

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez, covid-19aren enegarren olatu honi aurre egiteko "premiazkoa" da kanpoaldean musukoa derrigorrezko egitea, neurri prebentibo komunak hartzea, eta horiek indarrean jartzeko berme juridikoa edukitzea.

Asteazkenean egitekoa den Presidenteen Konferentziaren harira, dei egin du "diagnostiko partekatua egitea eta neurri komunak adostea, ez delako positiboa erabaki era erantzun aniztasuna". Lehendakariak eskertu egin du Pedro Sanchezek Presidenteen Konferentziaren bilera aurreratu izana.

El Correo egunkariak antolatutako Aurreikuspen Ekonomikoen Foroan izan da lehendakaria, Bilboko Euskalduna Jauregian. Hitzaldian izurriari aurre egiteko bere estrategia azaldu du Urkulluk. Bost ardatz ditu, zehaztu duenez. Aurrena, txertaketa; bigarrenik, covid ziurtagiria ahalik eta gehien zabaltzea, eta hirugarrenik, kasuak atzemateko probak egiteko eta arakatzeko sistema indartzea.

Laugarren eta bosgarren ardatzak honakoak lirateke: "Espainiako Estatuan eta Europar Batasunean estrategia bera" adostea, eta ildo horretan, "maskara derrigorrezko egitea berriro aire zabalean, prebentzioko neurri komunak adostea eta horiek indarrean jartzeko berme juridikoak edukitzea".

"Ezinbestekoa da prebentziozko irizpidea ezartzea: maskara, distantzia, eskuak garbitzea, aireztatzea eta pilaketak saihestea. Denon erantzukidetasuna eta konpromisoa behar ditugu", nabarmendu du.

Lehendakariaren aburuz "seigarren olatu hau ere gaindituko dugu, baina horretarako eskura ditugun tresnak, koordinatzioa eta unean uneko egoerari moldatzeko estaldura juridikoa hobetu behar ditugu". 

Andaluzia, Gaztela-Mantxa, Valentzia eta Galiziako presidenteek ere musukoa kanpoaldean berriz derrigortzeko beharra planteatuko diote Espainiako gobernuburuari.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Gaixotasunak Pedro Sánchez Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa Maskarak Osasun larrialdia Covid pasaportea