Gizartea -
Frantzia, suminduta
Tolosako atentatuan hildakoak bihar lurperatuko dituzte Jerusalemen
Udaltzainek armak izango dituzte aurrerantzean. Antza denez, arma eta motozikleta bera erabili dituzte eskola juduan eta azken asteetan militarren kontra Tolosan eta Montaubanen egindako erasoetan.
Erredakzioa
Tolosako ikastetxe judu batean hildako lau lagunak Jerusalemen lurperatuko dituzte bihar. Frantziako eta Israelgo herritartasuna zuten denek.
Jonathan Sandler errabinoaren eta Mirian Monsonego (7 urte), Arieh Sandler (5 urte) eta Gabriel Sandler (4 urte) haurren gorpuak Frantziako Aireko Indarrak eramango ditu gaur bertan Tolosatik Parisera, eta handik Tel Avivera, Israelko El Al airelinean.
Bestalde, Claude Guéant Frantziako Barne ministroak onartu du ez dela ikerketan asko aurreratu, baina lekuko batek hiltzailea kamera batekin ikusi zuela azaldu du.
"Lepotik zintzilik kamera bat omen zuen, ez dakit egindakoa grabatu zuen ala ez, baina aparatu horrekin ikusi zuten", esan du "Europe 1" irrati katean Barne ministroak.
Sarraskia astelehen honetan Tolosako (Frantzia) eskola judu batean gertatu da,lau pertsona (irakasle bat eta 5, 6 eta 7 urteko hiru ikasle) tirokatuta hil baitituzte.. Azken asteotan Tolosan bertan eta Montauban hirian erail dituzten hiru militarren kontrako erasoetan erabili zituzten ''arma eta motozikleta bera'' erabili dituzte oraingoan ere, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak baieztatu duenez.
Tolosako eskolako krimenak ''motibazio antisemita argia'' izan du, Sarkozyren hitzetan, eta Frantziako Tolosan terrorismoaren kontrako plana maila gorenera igotzea erabaki du presidenteak, bi aste baino gutxiagoko tartean inguruetan izan diren erasoen ondorioz. Erasotzailea harrapatzeko, ''erabilgarri dituzten bitarteko guztiak'' martxan jarri dituztela esan du Sarkozyk, Eliseon egin duen agerraldian.''Higuingarria izan da'', gaineratu du.
"Gobernuak hiltzailea aurkitzeko baliabide guztiak erabiliko ditu", azpimarratu du Alain Jupé Atzerri ministroak "France 2" telebista katean. "Aurkituko dugu, justiziaren aurrera eramango dugu eta zigorra jasoko du", esan du Juppék. Ikerketa martxan dagoela adierazi du, baina ez du aurrerapenik eman nahi izan.
François Bayrou hautagaia kritikatu du Juppék, gertaera hauek indarkeriaren areagotzearekin lotu dituelako: "Ez atera probetxurik horrelako drama batetik, ez du hauteskunde kanpainarekin zerikusirik".
Libération egunkariaren arabera, ikertzaileek bi hipotesi dituzte esku artean: lehena, hiltzailea militar ultraeskuindar bat izatea, eta bigarrena, integrismo islamiarrarekin lotutako norbait.
Sarkozyk Pariseko eskola batean egingo duten minutu bateko isilunean parte hartu du goizean. Ondoren, ordezkari juduak eta musulmanak hartu ditu Eliseo jauregian.
"Lau hildakoen gorpuak Israelera eramango ditugu, Jerusalemen lurperatzeko", berretsi du Gilles Bernheim Frantziako errabino handiak.
Sarkozy eta Hollande Montaubanera joango dira bihar, hildako militarren omenaldira.
Joan den asteko tiroketekin harremana
Alerta igo eta gero, Tolosako agintariek armak edukitzeko baimena eman diete udaltzainei.
Horrela, Sarkozyk berak baieztatu egin du asteleheneko hilketak harreman zuzena duela joan den astean izandako tiroketekin. Izan ere, eskola juduan erabili duten armetako bat joan den astean Frantziako Tolosan eta Montauban hirian hainbat militar hiltzeko erabili zena da, ikerketako iturriek aurreratu dutenez. Joan den asteko tiroketetan zein gaurkoan ere motozikleta bera erabili zuen hiltzaileak, iturri horiek beraiek argitu dutenez. 'Le Parisien' egunkariak kaleratu duenez, motorra Tolosan bertan (Frantzia) lapurtu zuten. Hildako militarretatik bi magrebtar jatorriko frantziarrak ziren, eta karibetar jatorrikoa hirugarrena.
Ikertzaileek ez dute baztertu eskolan egin duten tiroketa eta aurreko asteotan izan diren militarren erailketak terrorista batzuen ekintzak izatea, Le Point egunkariak argitaratu duenez. Argitalpen horrek kaleratutako datuen arabera, hiru militar neonazi frantziar ikertzen ari da Polizia, gertakari horiekin lotura dutelakoan. Hiru militar horiek Montaubango ingeniari paraxutisten 17. erregimentuko kideak ziren eta 2008an svastika bat zuen bandera batekin eta nazien agurra egiten agertu ziren argazki batean.
'Le Point'ek jakinarazi duenez, hiru militar horien profila bat dator tiroketetan parte hartu duen erasotzailearen profilarekin. Lekukoek adierazitakoaren arabera, erasotzailea gizon gihartsua zen, tatuajeak zituen eta beltzez jantzita zihoan.
Jamel Benserhir militar ohiak adierazi duenez, hiru gizon horien berri eman zien bere nagusiei Armadan ari zenean neonazi jokabidea zutelako. Salaketa horren ondoren atzeman zitzaien arestian aipatutako argazkia, La Dépche du Midi eta Le Canard Enchané komunikabideek jakinarazi dutenez.
Benserhiren salaketaren ondotik, Michel Esparza 17. erregimentuko komandanteak salaketa jarri zuen hiru soldaduen aurka. Gertakariak onartu eta zigortu egin zituzten orduan.
Sarkozyren hauteskunde kanpaina, bertan behera
Nicolas Sarkozyk hauteskunde kanpaina dela eta egin behar zituen ekitaldiak bertan behera uztea erabaki du, gutxienez, asteazkenera arte. Egun horretan egingo dira, seguruenik, lau pertsona horien aldeko hiletak.
Tiroketako biktimak gogoratzeko astelehen honetan Parisko sinagoga batean egin duten ekitaldian ere parte hartu du Nicolas Sarkozy Frantziako estatuko buruak. François Hollande presidentetzarako hautagaia eta François Fillon Frantziako lehen ministroa ere bertan egongo dira.
Euskal legebiltzarkideak minutu bateko isilunea egin dute
Euskal legebiltzarkideak Tolosako heriotzengatik minutu bateko isilunea egin dute. Angulemako Saint Marthe eskolak Gasteizeko Olabide ikastolarekin ikasle-truke programan parte hartu du eta gaur Legebiltzarrera bisita egin dute. Horregatik, kanpoaldean dagoen terrorismoaren biktimen omenerako eskulturan minutu bateko isilunea egin dute.