Gizartea -
Arrazakeriaren aurka
Arrazakeriaren aurkako martxa egingo dute larunbatean Donostian
Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako XV. Martxa Pasaiatik Donostiara joango da. Antolatzaileek “etorkinei buruzko zurrumurruak bertan behera uzteko” eskatu diete herritarrei.
Erredakzioa
SOS Arrazakeria, Medicusmundi Gipuzkoa eta Euskadiko GKEen Koordinakundeak Arrazakeria eta Xenofobiaren aurkako XV. Martxa aurkeztu dute, Donostian. Aurten, Usandizaga BHIko Diseinu Grafikoko Goi Mailako Heziketa Zikloko lehenengo mailako ikasleek martxaren komunikazio kanpaina egiten lagundu dute eta flash-mob bat ere egin dute, prentsaurrekoa baino lehen.
Besteak beste, Euskadiko GKEen Koordinakundea, Arrats, Vicuña, Berpiztu, Calcutan Ondoan, Caritas, CCOO, EHGAM, STEE-EILAS, ELA, ESK eta Emaus elkarteak egin dute mobilizazioaren alde. Herritarrei “immigranteen aurkako zurrumurruak alde batera uzteko” eskatu diete, horrela “gizartean sortu izan diren aurreiritzi eta estereotipoak buka daitezen”.
Bertoko herritarren zati handi batek aurreiritziak dituela salatu dute erakundeek. “Askotan etorkinen aurka egiten dute eta gizartean dauden arazoen errua botatzen diete, batez ere krisi garai honetan”.
2010ean Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ziren atzerriko etorkinen gainean egindako inkestaren datuak aipatu dituzte. Izan ere, etorkinen % 80 lanetik ateratako diru-sarrerekin bizi ziren eta % 2k baino ez zuten pentsio edo prestaziorik jasotzen.