Gizartea -

KORONABIRUSA

Hauek dira LABIk gaur aztertuko dituen neurriak

Aholku Batzordeak 16:30etik aurrera aztertuko du egoera, eta murrizketak ezagutzera emango ditu, datorren Urtezahar eta Errege gauari begira.

EAEko balizko neurriak. Irudia: EITB Media
Ostalaritza sektorea Gasteizen
EAEko balizko neurriak. Irudia: EITB Media

Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak (LABI) astearte honetan zehaztuko ditu covid-19aren aurka onartuko dituen neurriak. Murrizketa horiek, ziurrenik, edukiera eta merkataritza- eta ostalaritza-ordutegiak mugatzea ekarriko dute, Iñigo Urkullu lehendakariak Presidenteen Konferentziara joan den astean helarazi zion proposamenean jasotzen den bezala. Bertan, edukiera % 60ra murriztea, ostalaritzan zutik kontsumitzea debekatzea eta gehienez hamar pertsona mahai bakoitzeko ezartzea planteatzen zen.

Halaber, lehendakariak proposatu zuen abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an ostalaritza eta jatetxeak 21:00etan ixtea, jatetxeetan izan ezik; izan ere, abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean 23:30ak arteko afariak zerbitzatu ahal izango dituzte, ordu horretan jantokiak hustu beharko bailirateke.

Neurriak datorren asteazkenerako ezarri nahi dituzte, Urtezahar gauari begira. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak ez du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren baimena eskatuko, ezarri nahi dituzten murrizketak pandemiaren aurkako Legeari atxikiko baitzaizkio.

LABIren Aholku Batzordeak bilera egingo du Lehendakaritzan, 16:30etik aurrera, eta, ondoren, agerraldi publiko batean jakinaraziko ditu neurriak. Jarraitu agerraldia zuzenean hemen.

Sei erkidegok murrizketak hitzartu dituzte

Euskadi azken egunotan harremanetan egon da inguruko erkidegoekin, ezarri beharreko neurriak erkidego guztietan antzekoak izan daitezen. Hala, sei erkidegok, besteak beste, Euskadik, Nafarroak, Aragoik, Errioxak, Kantabriak eta Asturiasek ostalaritzan, sukaldaritzan eta gaueko aisialdian ordutegiak eta mahaikideak mugatzea adostu dute, datorren Urtezahar gauari begira, koronabirusaren omikron aldaerak eragindako kutsatzeen leherketa geldiarazteko.

Komunitateek adostutako neurriak dira, baina bakoitzak bere ñabardurekin eta bere legediaren arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Jatetxeak Aisia Tabernak Merkataritza Koronabirusa LABI