Gizartea -

Trafikoa

42 pertsona hil dira EAEn trafiko-istripuetan 2021ean, eta 29 Nafarroan

Istripuen kopurua % 15 jaitsi da EAEn 2019arekin alderatuta, homologagarria den azken urtea, mugikortasunari dagokionez. Kolektiborik zaurgarriena motor-gidariena da, 17 pertsona hil baitira.

Motor-gidari baten istripua Zornotzan. Irudia: Iker Salgado
Motor-gidari baten istripua Zornotzan
Motor-gidari baten istripua Zornotzan. Irudia: Iker Salgado

I. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak 2021ean trafiko-istripuetan hildakoen behin-behineko balantzea aurkeztu du. Nabarmentzekoa da hildako eta zauritutako pertsonen kopurua jaitsi egin dela 2019arekin alderatuta (homologagarria den azken urtea) eta istripu-tasaren beherakada % 15ekoa izan dela. Kolektiborik zaurgarriena motor-gidariena da, 17 pertsona hil baitira. Lehentasunezko helburua da Eusko Jaurlaritzaren Bide Segurtasuneko estrategia berrian, eta talde zaurgarrienak (motor-gidariak, txirrindulariak, oinezkoak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen erabiltzaileak) babestea du ardatz.

Behin betiko datuen faltan, hildakoen kopurua 42 pertsonara jaitsi da aurten. 2019an baino bederatzi gutxiago dira (51 hil ziren), mugikortasunari dagokionez alderagarria den azken urtea. 2020an 38 pertsona hil ziren zirkulazioan murrizketa handiak, bi alarma-egoera eta hiru hilabeteko konfinamendu larria zirela medio. Oro har, EAEn beheranzko joera dago hildakoen kopuruan eta kaleetan eta errepideetan erregistratutako istripuen kopuruan.

Estatistiken arabera, heriotza-tasak behera egin du: Bizkaian 16 pertsona hil dira (2019an baino sei gutxiago), Gipuzkoako kopuru bera (2019an baino hiru gutxiago). Araban 10 pertsona hil dira aurten (2019an bezala).

Bestalde, Nafarroako errepideetako balantzeak 872 ezbehar jaso ditu guztira 2021ean, 29 hildakorekin.

Nafarroako Gobernuko Trafiko eta Bideko Segurtasun Sailak argitaratutako behin-behineko balantzea da. Hiri barruko eta hiriarteko bideetan gertatutako ezbeharrak jaso ditu txostenak, istripua gertatzen denetik 24 ordurako biktimak kontuan hartuta. Istripuek 29 hildako utzi dituzte aurten, 113 pertsona larri zauritu dira eta 987k zauri arinak izan dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Trafiko istripuen biktimak