Gizartea -
Ikasleen greba
Bi gazte atxilotu dituzte Iruñean lan erreformaren aurkako protestetan
Greba antolatzaileen esanetan, protesten helburua "hezkuntzak jasan dituen erasoak salatzea da". Lan erreformaren aurka agertu dira gainera ikasleak.
Erredakzioa
Nafarroako Foruzaingoak gazte bi atxilotu ditu Iruñeko Txantrea auzoan, hezkuntza murrizketen aurkako protestetan. Atxilotuetako bat arratsaldeko lehenengo orduetan askatu dute eta bestea ospitalera eraman behar izan dute.
Iruñeko hainbat ikastetxek egin dute bat Nafarroako Gobernuak hezkuntzan egin dituen murrizketak salatzeko Ikasle Abertzaleak taldeak eta Unibertsitateko sindikatuek gaurko deitutako grebarekin.
18 urteko gaztea goizeko 09:00ak inguruan atxilotu dute, Iruñeko Irubide institutuaren inguruan, desordena publikoa egotzita. Poliziaren esanetan, hainbat gaztek edukiontziak irauli dituzte eta margoa eta petardoak jaurti dituzte.
Mobilizazioak izan dira Mendillorri auzoan eta Burlatan ere. Gazteek Gaztelu enparantzatik hasi dute manifestazioa goizean, Parlamenturaino. Bidean eserialdia egin dute Osasun Departamentuaren aurrean.
Poliziak 14:30ak aldera kargatu egin du Alde Zaharrean, ikasleak atxilotuen askatasuna aldarrikatzen ari zirenean.
Greba antolatzaileen esanetan, protesten helburua "hezkuntzak jasan dituen erasoak salatzea da". "Orain ari gara bizitzen irakasle eskasiaren, diru laguntzak murriztearen eta, orohar, hezkuntza sistema publikoa hondatzearen ondorioak" azaldu dute antolatzaileek. Lan erreformaren aurka agertu dira gainera ikasleak.
Arratsaldean mobilizazio gehiago egin dituzte eta martxoaren 29ko greba orokorraren aldeko manifestazioa egin dute.