Gizartea -

Neurri ekologikoak

Fruta txikiak ezingo dira plastikoarekin bildu Frantziako Estatuko supermerkatuetan

Kilo eta erditik beherako elikagaiei eragingo die neurriak. Dena den, dendek sei hilabeteko epea izango dute orain dutena saltzeko.

Fruta supermerkatu batean. Argazkia: Efe
Fruta supermerkatu batean. Argazkia: Efe
Fruta supermerkatu batean. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurtik aurrera, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako Estatu osoko supermerkatuetan ezingo da kilo eta erditik beherako frutarik edo barazkirik saldu plastikoan bilduta, 2021ean hondakinak murrizteko onartutako lege dekretua medio.

Hori horrela, ezingo dira plastikoarekin bildu tomateak, tipulak, kuiatxoak, kiwiak, limoiak, eta abar. Bereziki supermerkatuetan saldu ohi dira plastikozko kutxetan, eta horrelakorik ezingo da egin aurrerantzean.

2026a arte salbuespen batzuk onartuko dira, fruitu gorrien kasuan adibidez, soltean salduz gero azkar lizuntzen direlako.

Dena den, dekretuan agertzen denez, dendek sei hilabeteko epea izango dute orain dutena saltzeko.

Banatzaileek kartoia erabiliko dute alternatiba gisa, edo paperezko poltsak eta zelulosa sareak. Baina kritikatu dute ez dela adostasunik izan agintarien eta euren artean, oraindik ez baitute plastikoaren ordezkorik aurkitu zenbait elikagairentzat.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa Larrialdi klimatikoa Supermerkatuak