Gizartea -

Elkarrizketa Radio Euskadin

'Ez dago herrialderik terrorismo islamistaren arriskutik kanpo'

Nazioarteko terrorismoan adituek diote Tolosakoa ez dela gertakari "isolatu" bat, izan ere, "ez da arraroa Europan horrelako atentatu bat gertatzea, are gehiago, Al Kaidaren estrategia da".

Poliziak, Mohamed Merahren etxea zaintzen. Argazkia: Efe
Poliziak, Mohamed Merahren etxea zaintzen.
Poliziak, Mohamed Merahren etxea zaintzen. Argazkia: Efe

Manu Gimenez

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste honetan Tolosan izandako hilketak (jatorri aljeriarreko herritar frantziar batek lau judutar hil ditu) alarma guztiak piztu ditu Europako herrialdeetan eta terrorismo islamistaren arriskuaz ohartarazi du.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean Fernando Reinares nazioarteko terrorismoan adituak azaldu duenez, "ez dago herrialderik terrorismo islamistaren arriskutik kanpo".

Hala ere, adituak esan du "mehatxua" ez dela "berdina" herrialde guztietan, izan ere, "herrialde batzuk, arrazoi politiko eta historikoengatik, arrisku handiago dute. Hori da Britainia Handiaren eta Frantziaren kasua".

Frantziako agintariek, Nicolas Sarkozy presidenteak tarteko, berehala esan zuten Tolosako hiltzailea bizirik harrapatzea zela haien asmoa, laguntzailerik ote zuen ala bakarrik aritu zen jakiteko. Reinaresentzat, ordea, datu hori "ez da dirudien bezain garrantzitsua", zeren "askotan gertatu dira norbanakoen ekintza terroristak".

Horren harira, hiru terrorista mota daudela esan du: erakunde terroristekin harremanik ez duten norbanakoak, talde jihadisten babesa jaso duten norbanakoak eta atzerrian terroristen trebakuntza ikastaroak jaso eta jatorrizko herrialdera itzultzean atentatuak egiten dituztenak.

Non kokatuko litzateke Mohamed Merah Tolosako hiltzailea? Reinaresentzat "goizegi" da azken kategoriakoa dela esateko, baina argi adierazi du ez dela "otso bakarti baten ezaugarria Pakistanen entrenamendua jasotzea".

Gogora ekarri duenez, Al Kaidaren estrategia iraultzailearen txosten batean "judutar frantziarrak" daude "lehentasunezko jomugen artean".

Frantziako Inteligentzia zerbitzuen lana

Azken orduotan jakin da Mohamed Merah FBIren lista beltzean zegoela eta Frantziako agintariek bazekitela gizon horren arriskuaren eta Pakistanen jasotako entrenamenduaren berri. Hori dela eta, Reinares harrituta agertu da: "Nola da posible erradikala zen pertsona batek, eta Al Kaidaren entrenamendu eremuetan egon zela jakin ostean, zaintza berezirik ez izatea horrelako atentatu bat saihesteko".

Gainera, "pertsona erradikalak ditugunean arazo bat dugu, baina atzerrira atera ondoren gurera itzultzen direnean, askoz ere arazo handiagoa dugu", Reinaresen esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea