Gizartea -

Koronabirusa

Txertatu gabeko 60-79 urte bitarteko pertsonek covid-19agatik hiltzeko 20 aldiz aukera gehiago dute

Carolina Darias Osasun ministroak nabarmendu duenez, Espainia erreferente bat da txertaketan mundu mailan: hamar pertsonatik bederatzik dute pauta osoa.

Jendea maskararekin. Irudia: EFE
Jendea maskararekin
Jendea maskararekin. Irudia: EFE

I. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun Ministerioaren Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak egindako txostenaren arabera, txertoa jaso ez duten 60 eta 79 urte bitarteko pertsonek 20 aldiz aukera gehiago dituzte hiltzeko koronabirusaren aurka immunizatutakoek baino.

Hala azaldu du larunbat honetan Carolina Darias Osasun ministroak, Extremadurako Osasun Zerbitzuak jarritako txertaketa-gunera egindako bisitan.

Txostenaren arabera, txertoa hartu ez duten 60 eta 79 urte bitarteko pertsonek ospitaleratuak izateko 16 aldiz aukera gehiago dituzte, eta txertoa hartu dutenek 30 aldiz aukera gutxiago dute zainketa intentsiboetako unitatean (ZIU) amaitzeko, ministroak jakitera eman duenez.

"Datuak sendoak dira", azpimarratu du Dariasek, eta txertoa hartzera animatu ditu herritarrak, batez ere errefortzu dosia hartzera. Immunizazioa "inflexio puntua" izan dela pandemiaren aurkako borrokan azpimarratu du.

Ministroaren esanetan, Espainia erreferente bat da txertaketan mundu mailan: hamar pertsonatik bederatzik dute pauta osoa.

Hori dela eta, txertoa hartu dutenen eta hartu ez dutenen artean gaixotasunaren larritasunari dagokionez dauden aldeak azpimarratu ditu.

Prozesu horretan, osasun-langileen zeregina, herritarren erantzuna, Europar Batasunak egindako erosketa zentralizatuak, Espainiako Gobernuaren lidergoa eta, bereziki, erkidegoen lana aitortu ditu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa