Gizartea -

Eguraldia

Euria gutxitu egingo da leku askotan, baina ez da erabat atertuko

Zaparradak arindu eta eguraldia egonkortuko da Gipuzkoan eguerditik aurrera. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, 18:00etatik aurrera arinduko dira euriteak. Hala ere, Euskal Herriko hainbat puntutan uholdeen eta elur-jausien alerta mantenduko da.

Uholdeak Hernanin. Argazkia: Lazaro Gonzalez Ramos.
Uholdeak Hernanin
Butroe ibaiak gainezka egin du hainbat puntutan

1:08

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Prezipitazioak ez dira goizaldean bezain ugariak izango. Gauerditik eguerdira arte, batez ere Gipuzkoa ekialdean, metro koadroko 60 litro inguru pilatu dira. Datozen orduetan, eta eguna amaitu arte, 20 litro pilatu litezke metro koadroko Gipuzkoako zenbait tokitan, Euskalmeten arabera.

Hala ere, bihar, egunaren lehen partean, euria eta zerua oso hodeitsu egongo dira. Euskal Autonomia Erkidegoaren iparraldean eta mendebaldean eragin handiagoa izango dute. Orduak aurrera joan ahala, eguraldiak hobera egingo du egunaren bigarren zatian.

Asteazkenean egun eguzkitsua izango dugu, giro hotzarekin, baina. Lehenengo orduetan laino batzuk geratuko dira mendebalde aldean; goizaldetik aurrera, ordea, zerua garbia izango da eta ez du euririk egingo.

Nafarroako ipar-ekialdea, alerta horian

Nafarroan, isurialde atlantikoak alerta horian jarraitzen du euriteengatik. Alerta ez da 18:00ak arte etengo. Metro koadroko 60 litro pilatu dira eguneko lehen hamabi orduetan; amaitzen denerako 100 litro pilatzea espero da.

Era berean, Nafarroako Pirinioa alerta horian da euriteengatik eta elur-jausiengatik. Zaparrada mardulak izango dira 18:00ak arte, eta eguna amaitzerako 100 litrora iritsiko dira. Kota altuenetan, elur-jausiak eta elurra izango dira 14:00etatik gauerdira arte. Gainera, alerta horia izango da urtzaroengatik bihar goizetik eguerdira bitartean.

Ipar Euskal Herria, alerta gorrian

Eguraldia zakarragoa da Iparraldean. Alerta gorriarekin jarraituko dute 18:00ak arte; halere, Frantziako eguraldi agentziaren arabera alerta laranjarekin jarraituko dute gauerdira arte. Bihar, ordu txikietatik goizaldera arte euriteen arriskua txikiagoa izango da.

Uholdeen alerta gorriak berdintsu jarraituko du egunean zehar. Era berean, alerta laranja izango da elur-jausiengatik bihar goizera arte. Alerta horia ere bada Iparraldean haizearengatik; biharko 05:00ak arte joko dute haizeteek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa Nafarroako albisteak Araba Iparraldea argazkiak Alerta meteorologikoak bideoak Eguraldia argazkiak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak