Gizartea -

Elkarretaratzea

Samina, amorrua eta ezintasuna Cortesen, Sara Pinaren hilketagatik

Corteseko alkateak herriaren "amorru eta ezintasun sentsazioa" azaldu du. Udalak aho batez hilketa gaitzetsi du, baita "emakumeen aurkako edozein indarkeria" ere. Era berean, hiru dolu egun ofizial deitu ditu.

Elkarretaratzea Cortesen (Nafarroa). EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Elkarretaratzea Cortesen (Nafarroa). EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Sara Pinaren hilketa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute Cortesen, biktimaren jaioterrian

1:18

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sara Pinaren hilketak atsekabea, amorrua eta ezintasuna eragin ditu Cortesen. Senarrak Tuteran hil eta Frantziara ihes egin zuen, baina arratsalde honetan atxilotu dute. "Indarkeria handiz labankadak" eman zizkion erasotzaileak biktimari, epaileak adierazi duenez. Indarkeria matxistaren aurkako eta biktimaren oroimenez ekintzak eta elkarretaratzeak egin dituzte Tuteran zein Cortesen.

Corteseko bizilagunak kalera atera dira gauean, "emakumeen aurkako edozein indarkeria forma arbuiatu eta gaitzesteko, eta familiari babesa eta elkartasuna adierazteko". "Guztiak gara Sara. Bat bera gutxiago ere" lelopean, elkarretaratzea egin dute. "Emakumeen aurkako indarkeria gehiagorik ez" bezalako kartelak erakutsi dituzte mobilizazioan.

Loreekin eta kandelekin, Mirandako Dukeen plazako oroitarriaren inguruan, Sara Pina gogora ekarri dute. Bost minutuko isiluneari txalo zaparrada luze batekin amaiera eman diote. Sararen senideak bertako agintariek, inguruko herrietako buruzagiek eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek babestu dituzte, besteak beste.

500 pertsona inguru bildu dira, Udalak aho batez deitutako elkarretaratzean. "Hemen egotea sekula ez genuke pentsatuko", adierazi du hunkituta Sararen lagun batek. "Tratu txarren emaileak oso ongi ezkutatzen dira. Amorrua sentitzen dut, amorru handia eta atsekabe jasanezina; zure maitasuna kendu digute", erantsi du.

"Bizitza osoa aurretik zenuen, proiektuz lepo, bizitza alai batean, baina hiltzaile matxista batek dena kendu dizu", salatu du. Azkenik, "agur betirako adiskide, maite zaitugu" eta "bat bera gutxiago ere, bizirik nahi ditugu", gaineratu du.

Sararen lagun bat: "Amorrua sentitzen dut, amorru handia eta atsekabe jasanezina"

"Familia une zail hauetan" laguntzeko helburuarekin, Javier Remirez presidenteordeak eta Eva Isturiz Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendari nagusiak Foru Gobernuaren izenean parte hartu dute elkarretaratzean.

Fernando Sierra Corteseko alkateak herriaren "amorru eta ezintasun sentsazioa" azaldu du.

Sierraren hitzetan, hilketa mota honek "haserretzen eta eragiten zaitu beste toki batean gertatzen denean, beraz, imajinatu zure herrian gertatuz gero. Cortesen nola gauden imajinatu, amorru eta ezintasun sentsazioa, espero ez baituzu".

38 urteko Sara Pina "herrian asko maite zuten neska zen, benetan. Nahiz eta hemen bizi ez, antzerki taldean zegoen, eta gure herria asko maite zuen, hemen bizi izan zen, eta askotan ikusten genuen", adierazi du alkateak.

Corteseko alkatea: "Herrian asko maite zuten neska zen, benetan"

Cortesera zetorrenean, "senarrarekin etortzen zen, kuadrillarekin ibiltzen ziren bi gazte. Nola hartuko diozu susmoa, hurbilekoek ere ezin zuten halakorik imajinatu", deitoratu du.

Corteseko Udalak aho batez hilketa gaitzetsi du, baita "emakumeen aurkako edozein indarkeria" ere. Era berean, hiru dolu egun ofizial deitu ditu.

Senarraren atxiloketaren berri izan ondoren, ezohiko Udalbatza deitu dute, eta minutu bateko isilunearekin hasiera eman diote. Zinegotzi guztiek adierazpen instituzionala onartu dute.

"Emakumeen aurkako edozein indarkeria forma errefusatu eta gaitzetsi" du Udalak, eta "familiari babesa eta elkartasuna" adierazi dio, baita "emakumeek aske bizitzeko duten eskubidea aurrera eramateko konpromisoa" agertu ere.

2022an bikotekideak edo bikotekide ohiak hildako lehen emakumea da, 2003tik kasuak zenbatzen hasi zirenetik 1.126. biktima.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Tutera Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa