Gizartea -

Koronabirusa

Euskalduntze ikastaroetan ari ziren 206 irakasle liberatu lanera itzuli beharko dira covid bajei aurre egiteko

Hezkuntza Sailak lanpostura bueltatzeko erabakia hartu du, covid-19ak eragindako bajen gorakadari aurre egiteko. Era berean, haien ordezkoek lanean jarraituko dute.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskalduntzeko eta euskarazko eskola materiala prestatzeko liberaturik dauden irakasleak lanpostura itzuli beharko dira ostegun honetan bertan. Guztira, 260 irakasle dira.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lanpostura bueltatzeko erabakia hartu du, covid-19ak eragindako bajen gorakadari aurre egiteko.

Era berean, haien ordezkoek lanean jarraituko dute, eta ikastetxe bakoitzean langileen berrantolaketa bat egingo dute.

IRALE ikastaroak astelehenean hasi ziren, baina pandemiaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak bertan behera uztea erabaki du gutxienez urtarrilaren 28ra arte.

Egoera aztertuko dute urtarrilaren 31tik aurrera irakasleen trebakuntzari berriro heltzeko, baina ikastaroak berriz hasten ez baldin badira, egoerak bere horretan jarraitzen duela ulertu beharko da, Hezkuntza Sailak ohar batean zehaztu duenez.

ELA: "Inprobisazioaren beste adibide argi bat da"

IRALE ikastaroen liberazioak bertan behera uztea Hezkuntza Sailaren "beste inprobisazio adibide argi" bat dela uste du ELA sindikatuak.

"Irakasleei guztia egun batetik bestea jakinarazi zaie, eta ez dute langileen ordezkariekin partekatu, are gutxiago negoziatu", salatu du sindikatu abertzaleak.

ELAren hitzetan, "pandemiaren seigarren olatuan murgilduta, eta Eguberrietako oporretatik bueltan, eskola itzulera zail baten aurrean", Hezkuntza Saila "erabateko inprobisazio eta plangintzarik gabeko kudeaketa egiten ari da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Koronabirusa Irakasleak