Gizartea -

KORONABIRUSA

Ospitaleen egoera are gehiago gaiztotu da Nafarroan, eta bi pertsona hil dira covid-19ak jota

266 pertsona daude erietxeratuta, 36 kritiko. Asteazkenean, 31 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten; horietako bost, ZIUetan.

Osasun langile bat Nafarroako Ospitale Guneko ZIU batean. Argazkia: EFE
Osasun langile bat Nafarroako Ospitale Guneko ZIU batean.
Osasun langile bat Nafarroako Ospitale Guneko ZIU batean. Argazkia: EFE

O. A. - E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Omikron aldaerak eragindako gaixoek Nafarroako ospitaleetara iristen jarraitzen dute. Gaur-gaurkoz, 266 pertsona daude Osasunbideko erietxeetan, 36 larri, Nafarroako Gobernuak jakinarazi dituen datuen arabera. Atzo, 31 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten; horietako bost, ZIUetan. Horrez gain, beste bi pertsona hil dira covid-19ak jota. Astea hasi denetik 11 dira zendutakoak.

Asteazkenean, 2.674 positibo berri hauteman dituzte, 5.910 proba diagnostiko egin ostean. Egiten diren 10 probetatik ia bostek (% 45,2) positibo ematen dute. Kutsatzeek behera egin dute duela astebeteko datuekin alderatuta (3.384 positibo berri), baita duela 14 egun zenbatutakoekin alderatuta ere (3.693).

Santos Indurain Osasun kontseilariak atzo aitortu zuenez, "nolabaiteko egonkortze bat" sumatzen ari dira, baina urtarrila eta otsaila "oso konplikatuak" izango direla ohartarazi zuen.

Kutsatu berri gehien izan dituzten udalerrien buruan, Tutera ageri da, 144 kasurekin. Iruñeko Arrotxapea auzoa dago bigarren zerrendan, 109 positiborekin. Gainerakoan, 85 kutsatu zenbatu dituzte Iruñeko II. Zabalgunean, eta 81, berriz, Sarrigurenen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Euskal hiriburuak Nafarroa gaur Tutera Gaixotasunak bideoak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua Osasunari buruzko albisteak Koronabirusaren olatua gaur Osasunbidea gaur