Gizartea -
ISTILUAK
Pertsona bat atxilotu eta bederatzi identifikatu dituzte Kontseilu Sozialistak okupatutako lokala hustean
Ertzain eta udaltzain ugari joan dira Gasteizko Kontseilu Sozialistak okupatu zuen lokala hustera, baina hori eragotzi nahi zuten gazteak bildu dira bertan, eta istiluak sortu dira.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Tentsio uneak izan dira Gasteizen, Dato kalean, gaur egun Laboral Kutxa den lokalean. Ertzain eta udaltzain ugari joan dira Gasteizko Kontseilu Sozialistak okupatu zuen lokala hustera, baina hori eragotzi nahi zuten gazte ugari bildu dira bertan. Guztira bederatzi pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak.
Protesta 09:20 aldera hasi da, Laboral Kutxaren sukurtsalaren aurrean. Protestak eta istiluak izan dira, eta parte-hartzaileetako bat lokalaren sarreran kateatu da. Askatu ostean, atxilotu egin dute.
Ertzaintzak protestan parte hartzen ari ziren gazteak aldendu ditu. Guztira, mobilizazioan parte hartu duten bederatzi pertsona identifikatu dituzte, eta, Herritarren Segurtasunerako Legea baliatuz, espedientea irekiko diete, protestan izandako "istiluetan" parte hartzea egotzita.