Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute sexu-erasoa leporatuta, Donostian
Martxoaren 17ko gertakari baten harira atxilotu dute. 37 urteko gizonezkoak sexu-erasoa egin zion emakume bati horren lagun bat tartean sartu zen arte, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Erredakzioa
Ertzaintzak 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Donostian joan den martxoaren 17an sexu-eraso bat egitea leporatuta, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Martxoaren 17an gertatu zen ustezko erasoa, Donostian. Biktima lagun batekin zihoan gaueko bederatziak aldera eta gizonezko bat atzetik segika ikusi zuten. Eraikin bateko atarian gizonak galtzak jaitsi zituen, biktimari bultza egin zion eta sexu-erasoa egiten hasi zen. Baina biktimaren lagunak bien artean sartzea lortu zuen eta erasotzaileak ihes egin behar izan zuen.
Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen eta gizonezkoa identifikatzea lortu zuen. Atxilotua komisarian dago epailearen aurretik pasatzeko zain.