Gizartea -

Indarkeria matxista

Indarkeria bikarioa hazi egin da 2021ean: Gizon matxistek zazpi adingabe hil dituzte

2017tik dagoen datu okerrena da. Horrez gain, 43 emakume hil dituzte, 2003tik kopuru txikiena. Dena den, Ministerioak dio pandemiarekin biktimekiko euren kontrola areagotu dutela tratu txar emaileek, eta ez dutela "beharrezko ikusten muturreko indarkeria erabiltzea".

Indarkeria bikarioak emakumeari ahalik eta min handiena ematea du helburu. Argazkia: Pixabay
Indarkeria bikarioak emakumeari ahalik eta min handiena ematea du helburu.
Indarkeria bikarioak emakumeari ahalik eta min handiena ematea du helburu. Argazkia: Pixabay

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon matxistek zazpi adingabe hil zituzten iaz; indarkeria bikarioak beste zazpi biktima utzi ditu, horrenbestez. Lau kasutan, gainera, gizonaren kontrako tratu txar salaketak zeuden, Victoria Rosell Genero Indarkeriaren kontrako Espainiako Gobernuaren ordezkariak jakinarazitako datuen arabera.

Lau kasu horien harira, honakoa ohartarazi du Berdintasun Ministerioak: "Justiziak ezarritako neurrien kontura gogoeta egin beharra dago. Izan ere, zazpi kasutatik lautan babes neurriak baziren, agian nahikoak ziren emakumeentzat, baina argi dago ez zirela horrela adingabeentzat".

Rosellen esanetan, emakume batek indarkeriazko harreman batetik ateratzea lortzen duenean, "seme-alabek aitaren esku jarraitzen dute tradizionalki", eta gizon matxistek badakite emakumearen kontrako "indarkeriarik ankerrena eta iraunkorrena" egin dezaketela adingabeak erailda.

2017tik jasotako daturik txarrena da iazkoa. 2021ean zazpi adingabe izan ziren (azkena abenduaren 31n, Madrilen), eta 2020an eta 2019an, hiruna. Duela lau urtekoa latza izan zen, zortzi adingabe hil baitzituzten. Guztira, 2013tik, 46 adingabe (25 mutiko eta 21 neskato) hil dituzte indarkeria bikarioarengatik.

Estatistiken arabera, hiketa bikarioa egin ostean gizonen % 71k euren buruaz beste egin zuten. Aipatu bezala, zazpi kasutatik lautan, tratu txar aurrekariak zituen hiltzaileak, eta ia kasuen erdian, emakumea ere hil zuen gizon matxistak.

43 emakume erail dituzte

Bikotekide edo bikotekide ohiek 43 emakume hil dituzte Espainiako Estatuan. Datuak daudenetik (2003), 1.125 izan dira. 2021ekoa inoizko daturik txikiena da. Nolanahi ere, emakume bakarra izanda ere, datu txarra dela azpimarratu du Rosellek.

Are, pandemiak beherakada horretan eragin zuzena duela argitu du: "Murrizketen ondorioz, tratu txar emaileek euren biktimen gaineko kontrola areagotu dute, eta beraz, euren eredu matxistari jarraiki, ez dute beharrezko ikusten muturreko indarkeria, hilketa adibidez, erabiltzea".

Halaber, hilketa matxisten % 80an ez zegoen gizonaren kontrako tratu txar salaketarik.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Umeak