Gizartea -

Psikologia

"Txirrina jotzen badigu tristurak, atea zabaltzeko unea da"

Blue Monday, urteko hirugarren astelehena, egunik tristeena bezala ezagutzen da. Karmele Gurrutxaga psikologoak tristura ulertzeko eta bideratzeko aholkuak eman dizkigu.

Argia tunel amaieran. Argazkia: Pixabay
Argia tunel amaieran.
Argia tunel amaieran. Argazkia: Pixabay

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtero, urtarrileko hirugarren astelehena gerturatu ahala, bada belarrira egunik tristeena izango dela xuxurlatzen duen ahotsik. Blue Monday (astelehen beltza) eguna zenbat eta hurbilago izan, gero eta gehiago jasotzen dira goibeltasunaren atzean ezkutatzen diren ustezko arrazoiak. Publizitate-kanpainetan, albisteetan, ahoz aho, eta, nola ez, sare sozialetan; inor ez da libratzen halakoen dei-efektuaz.

Ondorioak baino, halako egunek eskaintzen dituzten aukerak nabarmendu beharko lirateke, Karmele Gurrutxaga psikologoaren arabera: "Norbera are tristeago sentitzea eragiten badu, goazen begiratzera atzean zer dagoen. Hori da nire gonbidapena". Izan ere, egun goibelenaren ondorioz, "egoera emozionala bideratzeko baino korapilatzeko arriskua" sortu dezake.

Blue Monday horren atzean hainbat faktore biltzen dira: eguraldia, Gabon ostea, Gabonetako gastuak eta motibazio falta, besteak beste. Gurrutxagaren esanetan, horiek eragin dezakete, modu "partikularrean". Ikerlari gisa begiratu beharrean, baina, beharrezkoa da begirada humanoagoa egitea. Gabonetan ez bezala, ezin izan dira ospatu betiko giro alaia, elkartzeak… "Nik uste dut horrek bai eragin duela tristura olatu batzuk sortzea. Guztiaren gainetik izaki sozialak gara", azaldu du.

Azken asteetan ez ezik, aspaldidanik bizkarrean daramagun neke emozionala ere kontuan hartu behar da, pandemia beste luzatu baita. "Tunel bat zeharkatu behar dugu. Badirudi, zenbaitetan urruti samar bada ere, hasi garela argia ikusten. Eta, bat-batean, 'beste iluntasun aldi bat? atzera ote goaz?' galdetu diezaiokegu geure buruari", erantsi du psikologoak.

"Zer da? Zer zeresan du niretzat? Gai al naiz zerbait egiteko? Hartaz jabetzen lagundu behar diogu pazienteari"

Norberaren egoerari ere erreparatu behar zaio: tristura hori etorri bezala joan da edo gurean geratu da? Aurrez aurre jarri behar dela azpimarratu du Gurrutxagak: "Txirrina jotzen badigu tristurak, atea zabaltzeko unea da. Benetan zerbaitetarako balio diezadala bai tristurak, bai haserreak, bai edozein emoziok".

Bi tristura bereizi ditu adituak: zirkunstantziala, etorri bezala joaten den ideia; eta tristura sakonagoa, nahaste emozional bezala ulertua. Lehenbizikoaren kasuan, norberak "neurriak jartzea jakitea" garrantzitsua dela esan du, joera kaltegarriak saihestearren. Gaitasuna izanez gero, hartaz jabetzea.

Bestetik, tristura errotuagoa denean, "zerbait egiteko momentua" dela azaldu du. Badira tratamendu bidez arindu daitezkeen egoerak (izaera organikoa duten gaitzak: gorabehera hormonala, besteak beste). Halere, arreta jarri du gertaera traumatikoekin zerikusia dutenetan: "Elaborazio bat eskatzen du, laguntza profesionala, entzutea, partekatzea". Kasu larrienetan, batek ezer ezin duela egin sentitzen badu, zerbaiten azpian dagoela sentitzen badu, orduan, hortik ateratzeko laguntza behar duela azaldu du. "Zer da? Zer zeresan du niretzat? Gai al naiz zerbait egiteko? Hartaz jabetzen lagundu behar diogu pazienteari".

Nondik dator Blue Monday eguna?

17 urte egin behar ditugu atzera urteko egunik goibelenaren asmakizuna aurkitzeko. 2005ean, Cliff Arnall psikologo eta ikertzaileak formula moduko bat asmatu zuen, egun hori zein litzatekeen kalkulatzeko. Ez da harritzekoa Sky Travel AEBko bidaia agentziaren laguntza eduki izana. Marketin kanpaina hutsaren aitzakiarekin, urdindu egin zuten betiko astelehena.

Formula matematiko bat behar izan zuten soilik kanpainari sinesgarritasuna emateko. Zerikusirik eta unitate komunik ez duten aldagaien pot-pourrien artean aritmetika egin; horra hor egun tristeena kalkulatzeko metodoa: eguraldia, zorrak, soldata, Gabonetatik igaro den denbora, urteko helburuak albo batera uzten den garaia, motibazio falta...

"Blue Monday" da gaur, urteko egunik tristeena
"Blue Monday" da gaur, urteko egunik tristeena
"Blue Monday" da gaur, urteko egunik tristeena

1:21
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ongizate fisikoari buruzko albisteak