Gizartea -
Oxfam Intermonen txostena
Aberatsak aberastu eta milioi bat pertsona txirotu egin ditu pandemiak
Covid-19ak sortutako krisiaren ondorioz, oinarrizko hornikuntza gastuei aurre egiteko arazoak dituzte milioi bat pertsonak, Estatu espainiarrean. Bien bitartean, mila milioi eurotik gora dituzten 23 pertsonen ondasuna % 29 hazi da urtebetean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Estatu espainiarrean mila milioi eurotik gora dituzten 23 pertsonen ondasuna % 29 hazi da pandemian zehar. Aldiz, milioi bat lagunen egoera ekonomikoa larriagotu egin da, Oxfam Intermonen txosten batek erakusten duenez. Hori horrela, Gobernuari neurri gehiago eskatu dizkio, aberatsen eta txiroen arteko aldea txikitze aldera.
"Berdintasun ezak hil egiten gaitu" ikerketa argitaratu du astelehen honetan gobernuz kanpoko erakundeak, eta horrekin salatu du munduko hamar gizon aberatsenen ondasuna bikoiztu egin dela. Bien bitartean, gainerako % 99en diru-sarrerak gutxitu egin dira covid-19aren eraginez.
Estatu espainiarrean, adibidez, pandemiaren lehenengo urtean milioi bat pertsonak oinarrizko hornikuntza gastuei aurre egiteko arazoak edo astean birritan haragia jateko zailtasunak izan zituzten.
"Geroz eta nabarmenagoa da txiroen eta aberatsen arteko aldea, covid-19ak egoera gaiztotu duelako", azaldu du Iñigo Macias ikertzaileak.
Covid-19aren eragin ekonomiko eta sozialaren ondorioz, aurretik baino 51.000 etxe gehiago daude diru-sarrerarik gabe. "Talde txiroenentzat, batik bat, oso gogorra izaten ari da. Esan bezala, handitu egin da gehien eta gutxien irabazten dutenen arteko aldea".
Horri aurre egiteko, Oxfam Intermonek proposatu du gizarte-babeserako politikak indartzea. "Aldi baterako lan erregulazio espedienteek edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak kalte egin diote gizartearen gehiengoari", kritikatu du gobernuz kanpoko erakundeak.