Gizartea -

Hezkuntza

Jaurlaritza pozik agertu da aurrez aurreko hezkuntza bermatzea lortu dutelako

"Hezkuntza protokoloak egoera berrira egokitu behar izan ditugu. Jolastokietan maskararen erabilera derrigortu genuen, ikasgeletan burbuilak sortu dira berriro, baita eskolaz kanpoko jardueretan ere. Neurri horiek guztiak eraginkorrak izan dira", nabarmendu du Jokin Bildarratz sailburuak.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua. Argazkia: EFE
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua. Argazkia: EFE
Bildarratz pozik agertu da aurrez aurreko hezkuntza bermatzea lortu dutelako

0:37

L. Z. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza komunitateari eta herritar guztiei eskerrak emanez hasi du astelehen honetan egin duen agerraldia Jokin Bildarratzek. Aurrez aurreko hezkuntza bermatzea zuen xede Hezkuntza Sailak ikasturtea hasi zenean, eta pandemiaren bilakerak egoera larriagotu badu ere, aipatu helburua lortu dutela azpimarratu du Hezkuntza sailburuak.

"Egoera asko aldatu da urritik, pandemiaren bilakaerak aurreikuspen guztiak gainditu dituelako. Horregatik, hezkuntza protokoloak egoera berrira egokitu behar izan ditugu. Jolastokietan maskararen erabilera derrigortu genuen, ikasgeletan burbuilak sortu dira berriro eta eskolaz kanpoko jardueretan ere burbuilen alde egin dugu. Neurri horiek guztiak eraginkorrak izan dira", nabarmendu du.

Guztira, 3.032 irakasle zeuden bajan, covid-19ak jota, Gabonetako oporraldiaren ostean. Hori dela eta, Hezkuntza Sailak 600 bat ordezkapen egin behar izan ditu urtarrilean.

"Gizartean gertatzen ari denaren isla dira hezkuntza zentroak, alegia, kutsatze maila altua dago horietan ere; horregatik egin behar izan dugu hainbeste ordezkapen", esan du.

Sailburuaren hitzetan, "itzuleraren testuingurua ulertzeko, beharrezkoa da abenduaren 22ko datuak eta gaur egungoak parekatzea". Duela hiru aste, 100.000 biztanleko 1.495 kasuko intzidentzia metatua zegoen EAEn. Urtarrilaren 11n, berriz, 4,5 aldiz handiagoa da intzidentzia: 6.936 kasukoa.

Halere, "ikasgela guztiak zabalik egon dira lehenego astean", adierazi du. Halaber, onartu du "aste arraroa" izan denez, beharbada ez dituztela ikasgela guztietako datuak jaso.

Haurren txertaketari buruz ere hitz egin du gaurkoan. EAEko 5 eta 11 urte bitarteko umeen % 53,2k (77.140 ume) jaso dute txertoaren lehen dosia jada, horren esanetan.

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan pandemiaren eragina murrizteko, txertaketa bide eta martxa onean joatea aurrerapauso handia dela gaineratu du Bildarratzek.

"Gainez egin duen gobernu bat"

Oposiziotik, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du protokolo ezberdinek eta Jaurlaritzaren "kontraesanek" "nahasmendua" ekarri dutela osasun krisiari aurre egiteko orduan. "Jaurlaritzak gainez egin du", esan du Uberak. Halaber, kritikatu du "arduratzeko modukoa" dela positiboetako asko ez zenbatzeko eta , ondorioz, horien berri ez emateko Osasun Sailak hartutako neurria.

Elkarrekin Podemos-IU koaliziotik, Jon Hernandezek, Hezkuntzari dagokionez, Jaurlaritzak erakutsitako "gabeziak" eta "kudeaketa txarra" nabarmendu ditu. Gainera, gaitzetsi du eskolara itzultzeko orduan planik aurreikusi ez izana.

Laura Garrido PP+Cs koalizioko legebiltzarkidea ere ez da atzean gelditu, eta esan du ikastetxeak ari direla beren gain hartzen Hezkuntza Sailari dagozkion ardurak, Bildarratzek zuzendutako saila "geldirik" dagoelako.

Voxeko Amaia Martinezek, azkenik, kritikatu du "Jaurlaritza zerbait egiten ari dela erakutsi nahian" dabilela.

"Protestatzera eta eskatzera mugatzen dira"

EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizioa ere mintzatu da gaurko agerraldiaz. Alde batetik, Luis Javier Telleria jeltzaleak oposizioko alderdiei aurpegiratu die "protestatzera eta eskatzera" mugatzen direla, eta adierazi du Jaurlaritzak hartutako neurriak emaitza onak ematen ari direla.

Telleriaren ildo beretik, Ekain Rico PSE-EEko legebiltzarkideak baieztatu du "aurrez aurreko hezkuntza bermatzea" dutela helburu Hezkuntza Sailak egindako aldaketek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba EAE albisteak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Hezkuntza Umeak albisteak Txertoak Koronabirusa