Gizartea -

KORONABIRUSA

Bost pertsona hil dira azken astean Bizkaiko eta Arabako adinekoen egoitzetan

Gainera, seigarren olatu honek 15 hildako utzi ditu Gipuzkoako adinekoen egoitzetan.

Egoiliar bat paseoan. Artxiboko irudia: EFE
Egoiliar bat paseoan
Egoiliar bat paseoan. Artxiboko irudia: EFE

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren seigarren olatua bete-betean sartu da Euskadiko adinekoen egoitzetan. Bizkaian 4 pertsona hil dira covid-arekin azken astean, eta Araban bat. Gainera, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak aurreratu duenez, 15 pertsona hil dira seigarren olatuan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan.

Bizkaian 571 egoiliar positibo daude, aurreko astean baino 160 gehiago. Horietatik 29 ospitaleratu behar izan dituzte eta 4 pertsona hil dira azken astean. Lau heriotza horiekin 9 dira dagoeneko Bizkaiko egoitzetan pandemiaren seigarren olatuan covid-19arekin hildako erabiltzaileak.

Guztira adinekoentzako 154 egoitza daude Bizkaian, eta horietatik 73 zentrotan dute kutsaturen bat, duela zazpi egun baino 13 gehiagotan. Langilei dagokionez, berriz, 249 pertsona daude kutsatuta eta 54 bakartuta, covid-aren baieztapenik gabe.

Araban, azken egunotan covid-19ak kutsatutako pertsona bat hil da Gasteizko Albertia Campus egoitza pribatuan. Gainera, Arabako adinekoen egoitzetako 286 egoiliarrek koronabirusa dute une honetan, eta horietatik 13 ospitalean daude.

Betalde, 123 langile daude bajan, gaixoen kontaktu estuak direlako edo gaitzean positibo eman dutelako. 31 zentrok zenbatu dituzte covid-19aren kasu aktiboak erabiltzaileen artean.

Gipuzkoan, gaur egun 441 covid kasu positibo aktibo zenbatu dituzte adinekoen 38 egoitzatan, Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez.

Kutsatutakoen artean 41 pertsona ospitaleratuta daude, eta seigarren olatu honetan 15 pertsona hil dira covid-ak jota Gipuzkoako adinekoen egoitzatan (kutsatutakoen % 1,8). Pandemia hasi zenetik 355 dira jada hildakoak. Mendozak egungo protokoloen eta txertoen garrantzia azpimarratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak gaur Koronabirusa Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia