Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu eta espetxeratu dute Antsoainen bikotekideari eraso fisiko eta sexuala egin diolakoan

Erasoa gaitzesteko ehunka pertsonak elkarretaratzea egin dute udaletxeko plazan. Gizona fidantzarik gabe espetxera bidali du epaileak.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foruzaingoak gizon bat atxilotu du, Antsoaingo Udaltzaingoaren laguntzarekin, bikotekideari eraso fisiko eta sexuala egin diolakoan. Erasoa astelehen gauerdian gertatu zen, Antsoainen bikoteak duen etxebizitzan.

Udaletik jakitera eman dutenez, biktima Nafarroako Ospitalera eraman behar izan zuten, eta atxilotuak epailearen aurrean deklaratu du asteazken honetan.

Indarkeria matxistaren kasu berri honi erantzunez, ohar bat zabaldu du Udalak, biktimari elkartasuna eta babesa adierazteko.

"Kaleak, gaua zein eguna edozein pertsonaren gozamenerako dira, eta emakumeak ez dira beldurtuta ibili behar, alegia, aske eta seguru bizi behar dira", dio Udalak oharrean.

Horregatik, eraso fisiko eta sexual hori gaitzetsi eta salatu du, baita "gure gizartean gertatzen den jarrera sexista oro" ere.

"Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean geldirik ez geratzeko eskatu nahi diegu herritarrei, hau da, gisa horretako eraso bakar bat ere ez onartzeko. Horretarako, indarkeria matxista gaitzetsi behar dugu, besteak beste, matxismoa jasan duten emakumeei babesa agertuta", adierazi du.

Erasoa gaitzesteko ehunka pertsonak elkarretaratzea egin dute arratsaldean, udaletxeko plazan. Elkarretaratzean, minutu bateko isilunea gorde eta Udalak onartutako adierazpena irakurri dute. Besteak beste, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak, Udalbatzako ordezkariek eta Astelehen Lilak kolektiboko kideek parte hartu dute.

"Jipoi basatia"

Gertakariak igande gauean jaso ziren biktimaren ibilgailuan. Harremanarekin aurrera jarraitu nahi ez zuela bikotekideari jakinarazi ostean, "jipoi basatia" jasan zuen, epaileak ebazpenean azaldu duenez. Gizona fidantzarik gabe espetxera bidali du epaileak.

Patricia Abad Antsoaingo Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, "beste behin ere kalera atera behar gara, emakumeen aurkako indarkeria mota guztien aurkako gure gaitzespena eta erabateko errefusa azaltzeko".

"Behar beste aldiz aterako gara kalera", ohartarazi du Abadek. "Dagoeneko jendea kokoteraino dago", emakumeen aurkako indarkeria kasuen jarioa "etengabea" delako, azpimarratu duenez.

Bestalde, Eva Isturiz Nafarroako berdintasun Institutuko zuzendariak onartu duenez, "zoritxarrez, emakumeen kontrako indarkeria oraindik presente dago gure gizartean". Hala ere, berdintasun politika publikoak baloratu ditu, "herritarrak kontzientziatzen dituztelako, jadanik ez da esparru pribatuko gai bat".

Urte hasierari dagokionez, Tuterako hilketa matxista kontuan gogoraraziz, "errealistak gara", esan du Isturizek, "emakumeen aurkako indarkeria arazo estrukturala da, eta esparru ugarietatik egin behar zaio aurre, oso konplexua da".

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Antsoain