Gizartea -
ATXILOKETA
Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen Ertzaintzaren hainbat autori eraso egitea egotzita
Goizaldeko 01:30ak aldera, Ertzaintzak Toyota Corolla marka duen auto bat geldiarazi du Ehari-Gobeu auzoan. Ihesi, ertzainen autoaren aurka egin dute, baita agenteak zauritu ere.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Autoan zihoazen bi gizonezko atxilotu ditu Ertzaintzak ostegun honetan Gasteizen ertzainen autoei eraso egin eta agenteak harrapatzen saiatu ostean. Ausarkeriaz gidatzea, agenteen kontrako atentatua eta kalteak eragitea egotzi dizkiete, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Goizaldeko 01:30 aldera, Ertzaintzak Toyota Corolla bat geldiarazi du Gasteizko Ehari-Gobeu auzoan. Auto barruan bi gizonezko zihoazen, eta agenteak horiek identifikatzen ari zirela, ihes egiten saiatu dira. Abiadura handian ibili dira hainbat kaletan zehar, kontrako noranzkoan.
Une batean, gainera, ertzainen autoen aurka egin dute, baita agenteak zauritu ere, eta kalean aparkatuta zeuden beste zenbait ibilgailu ere kolpatu dituzte.
Ertzaintzak autoa geldiaraztea lortu du eta gidaria eta harekin zihoan bidaiaria atxilotu ditu. Agenteen kontrako atentatua, bide segurtasunaren kontrako delitua eta kalte delitua leporatu dizkiete, eta polizia egoitzara eraman dituzte, beharrezko eginbideak bete eta Gasteizko guardiako epaitegiaren esku uzteko.